Gizartea -

TRAFIKO-ISTRIPUA

Usurbilen istripua eragin duen autoko gidaria atxilotu egin dute

Irungo noranzkoan zihoan anbulantzia batek eta kontrako noranzkoan zetorren auto batek talka egin dute aurrez aurre. Bi pertsona hil eta beste zortzi zauritu dira.

Bi hildako eta 8 zauritu anbulantzia batek eta auto batek talka eginda

0:54

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona (23 urteko Bilboko gizon bat eta emakume bat) hil eta beste zortzi zauritu dira gaur AP-8 autobidean, Usurbil parean, izan den trafiko-istripuan.

06:20 inguruan gertatu da ezbeharra, Aritzetako zerbitzugunea baino metro batzuk lehenago. Irungo noranzkoan zihoan anbulantzia batek eta kontrako noranzkoan 7 kilometro egin dituen Opel Astra auto batek aurrez aurre egin dute talka. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak aditzera eman duenez, autoan sei pertsona zihoazen. Horietatik bi hil egin dira eta beste lau zaurituak Donostia Ospitalera eraman dituzte.

Gainera, autoaren gidaria, 28 urteko Bilboko gizonezko bat, atxilotu egin dute ospitalean, errepide-segurtasunaren aurkako delituta egotzita. Alkohol eta droga kontrolaren emaitza negatiboa izan da.

Anbulantziako gidariari eta hiru bidaiariri alta eman diete. Hildako bi gizon-emakumeen gorpuak auzitegiko patologia-zerbitzura eraman dituzte.

Kasurik ez abisuei

Istripua jazo baino minutu batzuk lehenago, errepideak zaintzeko Gipuzkoako Aldundiko langileek autoa noranzko norabidean zihoala ikusi dute, eta gidariari seinaleak egin dizkioten arren, ez ditu kontuan hartu.

Foru Aldundiak Arizmendi eta Aritzetako tuneletan duen abisu-sistemaren bidez ere atzeman dute ibilgailua, eta Ertzaintzari igorri diote oharra berehala.

Trafikoan eragina

Ezkerreko eta erdialdeko erreiak itxi egin dituzte Irunerako norazkoan 10:45 arte, zaurituak artatu, ibilgailuak errepidetik kendu eta bidea garbitu duten bitartean.

Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da, istripuaren nondik norakoak argitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskadin Trafikoa Donostia albisteak Gipuzkoako trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Bilbon Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea A-8 Autobidea