Gizartea -

Polizia operazioa

Lagun bat atxilotu dute Bilbon jihadismoaren aurkako operazio batean

ISISen propaganda zabaltzea, jarraitzaileak doktrinatzea eta terrorismoa goratzea egotzi diote. Atxilotua 44 urteko aljeriarra da.

Aljeliar bat atxilotu dute Bilbon, doktrinamendu jihadista egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 44 urteko aljeriar bat, S.M., atxilotu du gaur Bilbon, jihadismoaren kontrako operazio batean, Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez. Auzitegi Nazionalera bidean da atxilotua, Guardia Zibilak haren etxea miatu ostean.

Atxilotuari ISISen propaganda zabaltzea, jarraitzaileak doktrinatzea eta terrorismoa goratzea egotzi diote. Barne Ministerioaren arabera, aurretik ere izan du harremanik muturreko taldeekin. Al Kaedaren alde dirua biltzeko eta talde terroristari babes logistikoa emateko jardunetan nahasita egon omen zen, horren esanetan. "Azken hilabeteetan, gainera, are gehiago erradikalizatu da", eta ia ez da etxetik atera.

Azken boladan interneten aritu da gizona, eta Facebook sare sozialean zituen hainbat profilen bitartez ISISek egindako propaganda zabaltzea egotzi diote. Partekatutako eduki batzuk "oso bortitzak" ziren, Ministerioaren arabera. Sarera konektatzeko segurtasun neurri zorrotzak erabili omen ditu, eta horrek esan nahi du ISISen ekoizpen mediatikoa zabaltzeko sareak ondo ezagutzen dituela, betiere ikerketaren arduradunen hitzetan.

Zabaldutako edukien artean, "federik gabeko pertsonen heriotza justifikatzekoak eta martiria goratzekoak" ageri dira bereziki. 'Txakur' deitzen die.

Atxilo hartutako gizonak Facebooken dituen lagunen artean, droga trafikoarekin lotutako gaizkileak eta EBn terrorismoagatik ikertutako pertsonak omen daude. Hain justu, kontaktu horiek ikertzeari ekin dio Guardia Zibilak, ikerketa lerro berriak zabal daitezkeelakoan.

Operazioa Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak egin du, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta 2. Instrukzio Epaitegiak zuzenduta, eta oraindik ez dute bukatutzat eman.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak