Gizartea -

GIPUZKOAKO FISKALTZA

Sexu-abusuengatik Mendizabalen kontra zabaldutako auzia, artxibatuta

Gipuzkoako Fiskaltzak jakitera eman duenez, salatutako delituak preskribatuta daudelako artxibatu dute kasua.

Juan Kruz Mendizabal
Juan Kruz Mendizabal
Juan Kruz Mendizabal

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Kruz Mendizabal Kakux Donostiako elizbarrutiko bikario ohiaren kontra sexu-abusuengatik zabaldutako auzia artxibatu egin du Gipuzkoako Fiskaltzak, salatutako "delituak preskribatuta" daudela argudiatuta.

Dena dela, auzia berriro zabaltzea ez du baztertu Fiskaltzak, salatutako kasuen inguruko "datu berriak" agertuko balira.

Urtarrilaren 11n abiatu zuen ikerketa Gipuzkoako Fiskaltzak, Elizak Mendizabal zigortu zuela jakin ostean. Bi adingaberi, 2001 eta 2005 urteen artean, "ukitu desegokiak" egiteagatik ezarri zion zigorra Elizako epaitegiak bikario ohiari.

Donostiako Gotzaindegiak eman zuen Mendizabalen aurkako prozesuaren berri, hedabideen aurrean. Jose Ignacio Munilla gotzainak azaldu zuenez, 2016ko martxoan iritsi ziren salaketak, artean Kakux bikario nagusi zela. Hilabete beranduago kendu zuten kargutik.

Salatzaileen arabera, Mendizabal Donostiako San Bizente parrokian zegonean, eta Xirimiri Gazte Taldeko arduraduna zenean, pairatu zituzten sexu-gehiegikeriak. Elizak ikerketa bat jarri zuen abian eta Mendizabal erruduna zela ondorioztatu zuen. Zuzenbide kanonikoa oinarri hartuta, hainbat neurri zigortzaile ezarri zizkioten.

Bi biktimek kasua publiko egiteko asmoa agertu zutenean,  Munillak horien berri ematea erabaki zuen. Handik bi egunera, Berria egunkarian, Mendizabalek sexu abusuak egin zizkiola kontatu zuen beste gizonezko batek. Horren arabera, 1994ko udan, Burgin eskaut taldeen kanpaleku batean, 13 urte zituela, egin zizkion sexu-gehiegikeriak Kakuxek.

Munillak baieztatu egin zuen beste salaketa bat jaso zutela, eta "sinesgarritasun osoa" eman zion. Mendizabalen kontrako neurri berriak ezarri zituen Elizak.

Azkenik, atzo, bikario ohiak sexu-abusuak egin zizkiola jakinarazi zuen laugarren gazte batek, ETBri eskainitako elkarrizketa batean.

Kontatu zuenez, 14 urte zituela, udako kanpaleku batean, jazo ziren abusuak. Auzia preskribatuta dagoenez, epaitegietan salaketarik jarriko ez duela argitu zuen gizonak. Elizako barne bideak erabiltzea ere baztertu du; "ez dut Elizan asko sinisten", esan zuen. Alabaina, "egia ezagutarazteko unea" heldu dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gipuzkoa Delituak azken ordukoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Umeak azken ordukoa Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan Gotzain Biltzarraren albisteak gaur