Gizartea -

Osasuna

GIBa mendean hartzea lortu dute bost gaixok txerto bati esker

Bartzelonan egindako saiakuntza kliniko batean erdietsi dute. Erien sistema immunologikoak aurre egin dio birusari, botiken laguntzarik gabe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiesaren kontrako borrokan aurrerapen aipagarria lortu dute IrsiCaixa Hiesa Ikertzeko Institutuak (Bartzelona) egindako saiakuntza kliniko batean. Lehen aldiz, Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) duten bost gaixoren sistema immunologikoak birusa mendean hartzea lortu du, erretrobirusen aurkako botikak hartu gabe. Birusa denbora luzez (5, 13, 17, 20 eta 27 astez) kontrolatzea erdietsi dute, gainera.

Saiakuntzak frogatu duenez, beraz, GIBa duten pertsonen sistema immunologikoak birusa kontrolatzen ikas dezake, botiken beharrik gabe.

13 gaixok hartu dute parte saiakuntzan, eta horietatik bostek (% 38,5) erdietsi dute birusa kontrolatzea zenbait astez. Ikerketa martxan dago oraindik.

Oxford Unibertsitatean (Erresuma Batua) garatutako txertoa erabili dute Bartzelonako institutu horretan.

"Txertoak bi gauza lortu ditu: batetik, birusa ahultzea, eta, bestetik, gaixoen sistema immunologikoa indartzea, birusak zabaltzeko egiten dituen saiakerei aurre egin eta karga birikoa desagerrarazteko", azaldu du Beatriz Mothe ikerketaren koordinatzaileak.

Birusa mendean hartzea lortu duten gaixoen kopurua nabarmena da. Jose Molto ikerlariaren hitzetan, tratamendua gaixo guztientzat egitea eraginkor da orain zientzialarien erronka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona bideoak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Zientzia albisteak Medikuntza albisteak Txertoak