Gizartea -

Polizia operazioa

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakumeen sexu esplotazioa egotzita

Emakumeak prostituziora behartzen zituen sare bat desegin eta zazpi pertsona atxilotu dituzte. Halaber, taldearen esku zeuden bi emakume askatu ditu Poliziak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak emakume nigeriarren sexu esplotaziorako nazioarteko talde bat desegin eta zazpi pertsona atxilotu ditu, horietako bat Bilbon. Operazioari esker, sarearen esku zeuden bi emakume askatu ditu Poliziak; horietako bat Bilbon bizi zen, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak adierazi duenez.

Zazpi atxiloketa horietatik lau Kanaria Handian egin dira, bi Alemanian eta bat Bilbon, eta atxilotuetako sei nigeriarrak dira eta zazpigarrena, berriz, herbeheretarra.

Operazioaren baitan, Poliziak hiru miaketa egin ditu Las Palmasen eta beste bat Bilbon, eta 5.000 euro, identitate dokumentu faltsuak, telefonoak eta USB memoriak atzeman dituzte.

Prostituzioaz gain, biktimak garbiketa eta bestelako lanak egitera behartzen zituzten, harik eta taldearekin zuten zorra kitatu arte.

Sareak biktimen Europarako bidaia ordaintzen zuten eta, trukean, emakumeek zorra ordaindu arte lan egin behar zuten, agintarien aurrean salaketarik jarri gabe. Behin Espainian zeudela, emakumeak erakundearen menpe gelditzen ziren, dokumentaziorik gabe eta Espainiako kultura eta hizkuntza ezagutu gabe.

Mehatxuak egin eta jipoiak emateaz aparte, emakumeak azpiratzeko budu errituak egiten zituzten. Halaber, sexu erasoak pairatu dituztela kontatu diete emakumeek poliziei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa