Gizartea -

Indarkeria matxista

Azken 48 orduotan lau hilketa matxista izan dira Espainian

Beste hilketa bat ikertzen ari dira, indarkeria matxistarekin lotura duelaoan. Asteartean gizon batek emakume bat hil zuen Bartzelonan, eta igandean labankada bat jaso zuen emakumea gaur hil da.

Bartzelonan izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: EiTB
Bartzelonan izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: EiTB
Lau emakume hil dituzte ustez bikotekide ohiek Espainian, 48 orduan

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 48 orduotan lau emakume hil dituzte bikotekide edo bikotekide ohiek Espainiako Estatuan, eta indarkeria matxistarekin lotura izan dezakeen beste hilketa bat ikertzen ari dira uneotan.

Bartzelonan, genero-indarkeria kasuak lantzeko epaitegi batek epaituko du Santa Perpetua de Mogoda herrian izandako hilketa matxista. Kasu honetan, 54 urteko gizon batek 34 urteko emakume bat hil du. Emazte ohia hil zuela aitortu ostean atxilotu dute,  hilketa delitua egotzita. Gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen indarrean, eta harengandik mila metrora egon behar zuen gutxienez.

Gauerdian, auzokide batek emakumearen gorpua aurkitu zuen kalean, hainbat labankada zituela. Handik gutxira, gizona Esquadra Mossoen komisaria batera joan zen. Emazte ohia hil izana aitortu zuen, eta agenteek atxilotu egin zuten, hilketa delitua egotzita. Pilar Martin Najera genero-indarkeria kasuak lantzen dituen epaitegiko Fiskaltzaren arabera, “hilketa horren atzean erantzun judizial eskasa dago”.

Joan den igandean, 91 urteko emakume batek labankada bat jaso zuen lepoan. Villanueva del Fresno herrian (Badajoz, Extremadura) jazo zen indarkeria matxista kasu hori, eta emakumea asteazken honetan hil da, ospitalean hiru egun igaro ostean. Emakume horren senarra atxilotuta dago, hilketa delitua egotzita.

Beste alde batetik, astelehenean Chapelako (Redondela, Pontevedra) etxebizitza batean izandako leherketa eta ondorengo sutea hilketa matxista izan ote den ikertzen ari dira. 50 urteko emakume bate eta haren bikotekide ohia hil ziren. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, gizonak "leherketa hilgarria" sorrarazteko prestatu omen zuen dena.

Azken orduotan beste gizon bat atxilotu dute Madrilen, Valentziako Gandia udalerrian emakume bat hiltzea leporatuta. Juan Carlos Moragues Espainiako Gobernuaren Ordezkariak jakinarazi duenez, emakumearen gorpua asteartean aurkitu zuten, atiko batean. Gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen indarrean.

Valentzian, beste emakume baten hilketa bat ikertzen ari dira, genero indarkeriarekin lotura duen argitzeko. Dagoeneko gizon bat atxilotu dute, nolabaiteko lotura izan duelakoan.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Bartzelona albisteak Gizartea