Gizartea -

Espainia

Indarkeria matxistak 16 emakume hil ditu Estatuan 53 egunetan

48 ordutan, lau emakume hil dituzte, Valentzian, Gandian, Badajozen eta Bartzelonan. Azken 10 urteotako urte hasierarik latzena izan da, genero indarkeriari dagokionez.

Ciudad Realen urtarrilean izandako hilketa matxista. Argazkia: EFE
Ciudad Realen urtarrilean izandako hilketa matxista. Argazkia: EFE
Ciudad Realen urtarrilean izandako hilketa matxista. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16 emakume hil dituzte ustez euren bikotekideek edo bikotekide ohiek Estatu espainiarrean 2017ko lehen 53 egunetan; hori dela eta, azken 10 urteotako urte hasierarik ilunena izan da, indarkeria matxistari dagokionez.

Haurtxo bat ere badago hildakoen artean, bere aitak besoetan hartu eta leihotik behera bota zuen bere burua, umetxoaren amari min egiteko helburuarekin.  Gainera, beste sei haur umezurtz utzi dituzte hiltzaileek.

Azken 48 orduotan, lau krimen matxista izan dira; Valentzian, Gandian, Badajozen eta Bartzelonan, hain zuzen.

Angeles Carmona Etxeko eta Genero Indarkeriaren Behatokiaren presidente eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalearen iritzian, "hilketa guztietan huts egin du sistemak".

Gainera, aurretik salaketa jarrita badago, sistemaren huts-egite horrek esan nahi du norbaitek "hanka sartu duela" prozesuan eta, salaketarik ez badago, esan nahi du "ez dela lortu helaraztea bai emakumeari zein gizarteari indarkeria giro horretan bizitzeak dakarren arriskua".

Indarkeria matxistari aurre egiteko modu bakarra da gizarteak ezetz esatea, gaineratu du: "Norbaitek emakume bat indarkeria pairatzen ari dela ikusten edo ezagutzen badu behartuta dago agintariak jakinaren gainean jartzera", salaketak baino ez baitu biktimaren eta horren ingurukoen babes-sistema abiarazten.

Marisa Soleto Emakumeak Fundazioaren kideak ohartarazi du handitu egin dela artxibatutako eta itxitako auzien kopurua, baita babes-aginteen ukapena eta elkarri egindako salaketen kopurua ere. Horietan, "tratu txarrak ematen dituenak zauriak edo bestelako lesioak dituztela salatzen dute", emakumeak eraginda, bere burua defendatzen zuenean.

Soletoren ustean, bi arazori aurre egin behar zaie: batetik, salatzen ez duten biktimen isiltasuna, horiek babestea zaila da eta konfiantza sustatu behar da; bestetik, salaketa aurkeztuta ere, babestu ez dituzten emakumeen kasuak, horietan, eragindako mina konpondu behar da.

Izan ere, 2016an hil zituzten 44 emakumeetatik 16k aurretik jarri zuten salaketa, baina sistemak ez zituen babestu.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Bartzelona Delituak argazkiak Espainia albisteak Gaurko azken ordukoa