Gizartea -

Ikasle Abertzaleak

203 lagun identifikatu dituzte EHUren eraikin bat hustu eta gero

Protesta egin dute EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolaren teilatuan, Herri Unibertsitatearen ekimenean parte hartzen ari zirenak atera nahi zituztelako. Ertzaintzarekin negoziatu, eta alde egin dute.

Unibertsitate barruko argazkia. Iturria: EFE
Unibertsitate barruko argazkia. Iturria: EFE
Unibertsitate barruko argazkia. Iturria: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 203 pertsona identifikatu ditu goizaldean EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako teilatua hustu eta gero, Herri Unibertsitatea deitutako ekimenean parte hartzen ari ziren ikasleak irtenarazi nahi zituztelako.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez, gauerdian 100 bat pertsonak bat egin dute eraikinaren teilatuan, eta Ertzaintzak Bilboko Brigada Mugikorreko zenbait agente bidali zituen, istiluak izan zitezkeelakoan.

Halere, negoziatu eta gero, protesta egiten ari zirenek alde egin dute, istilurik eragin gabe, 03:30 aldera.

EHUren oharra

Ikasle Abertzaleak egindako protestaren harian, EHUk ohar bat kaleratu du  eta, bertan dioenez, "horren moduko jarduerak egin ahal izateko ezarrita dauden baldintzak etengabe hautsi ditu ikasleriak: eremuen erabilera eskatzea, zehaztutako gelak erabiltzea, lo egin dezakeen gehienezko pertsona kopurua (errespetatu) eta sukaldeko tresneriak ez erabiltzea, erabilera galarazita baitago, segurtasunagatik eta zentroaren jardueragatik".

EHUren errektoregoak gogorarazi duenez, "inolaz ere ez erabil litezke instalazio publikoak aurretik zehaztutako arauak bete ezean".

"Hori hala izanda -dio oharrak- EHUren Errektoregoak, zentroaren zuzendaritzarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren kolaborazioa eskatu zuen, eskolaren instalazioak okupatu zituzten ikasleak ateratzeko".

Uriarte: 'Ez dute bete adostutakoa'

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak baieztatu egin du ikasleek ez zituztela adostutako baldintzak bete, zentroan egoteko, eta horregatik atera dituztela.

Horrela mintzatu da sailburua ETB1eko Egun On Euskadin egindako elkarrizketa batean, Europa Pressen arabera, Bilboko Ingeniaritza Eskola gertatutakoaz.

Hezkuntza sailburuaren esanetan, "ez da berria" ikasleek elkarretaratzeak edo itxialdiak egitea, aldarrikapenak egiteko, eta egiten dituzten zentroekin adostu ohi dituzte baldintzak, "kasu honetan, Ingeniaritza Eskolarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Hezkuntza legea Bizkaia EHU Gizartea albisteak Hezkuntza sistemako albisteak