Gizartea -

Behin-behineko geltokia

Gorabehera batzuk tarteko, 'balorazio positiboa'

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzu saileko zinegotziak, Ricardo Barkalak, adierazi duenez, "autobusak oso ondo sartzen dira eta bidaia-antolatzaileei dagokienez, oso ondo ari da funtzionatzen".

Abian da Termibusen behin-behineko geltokia

1:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Termibuseko behin-behineko autobus geltokiaren aurreneko orduak, gorabehera batzuk tarteko, ondo joan direla esan du Ricardo Barkalak Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzu saileko zinegotziak. Balorazioa "oso positiboa" dela esan du. Hurrengo 18 hilabetetan izango da martxan instalazio hau, geltoki intermodalaren obrak amaitu arte.

Behin-behineko geltokia Termibus zaharraren ondoan dago kokatuta, eta azken honek eskaintzen zituen zerbitzu berdinak ditu. 4.000 metro karratuko azalera du, eta instalazioetan 20 nasa daude eta autobusak heltzen diren araberako esleipen sistema berria ezarri dute.

Gaur goizean gerturatu da Barkala instalazioetara, lehenengo orduetan izan duen funtzionamendua ezagutzeko, eta "oso balorazio positiboa" egin du. "Autobusak ondo sartzen dira, ondo antolatuta eta kudeaketa berria kontutan hartuta. Bidaia-antolatzaileei dagokienez, oso ondo ari da funtzionatzen", esan du.

Hala ere, zinegotziak aitortu duenez, "hobetu" beharreko gauzak "logikoak" ere badaude. Erabiltzaileek instalazioak ezagutu behar dituzte, orain "gune berri batera, despistatuak eta presarekin sartzen direlako". "Langileak jarri ditugu erabiltzaileak orientatzeko eta behar den denbora jarriko ditugu gizartea geltoki berrira ohitu arte", gaineratu du.

Horregatik, Ricardo Barkalak "auzokide, erabiltzaile eta gidariei pazientzia" eskatu die, "geltokia lurperatzerakoan izango dugun ikuspegia ezberdina izango delako, ingurune oso polita geldituko da, baina obrak amaitu bitartean, gune gatazkatsua izango da".

"Pixkanaka pixkanaka, pausoz pauso joan behar gara. Lehenengo pausua hori izango da. Oso garrantzitsua zen dena ondo funtzionatzea, eta horregatik balorazio oso positiboa egin dezakegu", amaitu du Barkalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak