Gizartea -

Iragarpena

Abisu horia gaur, 700 metroan elurra egin dezakeela eta

Horrez gain, enbata arriskuagatik eta haizegatik ere ezarriko ditu abisuak Eusko Jaurlaritzak. Larunbatean ere hiru abisu hori egongo dira indarrean.

700-800 metrotan bota dezake elurra. Argazkian, Gasteiz zuri-zuri. EiTB
Elurra Gasteizen. EiTB
700-800 metrotan bota dezake elurra. Argazkian, Gasteiz zuri-zuri. EiTB

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hiru abisu hori ezarriko ditu gaur, martxoaren 3an, muturreko fenomeno meteorologikoengatik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Zehazki, 20:00etatik gauerdira arte, abisu horia egongo da indarrean elurragatik. Barnealdean 1.000 metroan egongo da elur maila, baina jaisten joango da 700-800 metroraino. Are, Euskalmeten arabera, ekaitz eremuetan eta ekialdean beherago egon liteke kota.

Horrez gain, kostaldean enbatak izan litezkeela eta, beste abisu hori bat ezarriko dute 15:00etatik 18:00etara. Kostaldean haizea bat-batean eta zakar aldatuko da ipar-mendebaldera. Haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko da, eta haize boladak 80-90 km/h ingurukoak izan daitezke. Tenperatura 8-10 ºC jaitsiko da ordubetean.

Halaber, abisu horia egongo da mendialdean haizeagatik, gauerditik 15:00ak arte. Mendi inguruetako haizeguneetan, hego osagaiko haize boladek 100 km/h-tik gorako abiadura hartuko dute, iragarritakoa betetzen bada. Kostaldeko haizeguneetan eta haizeguneak ez diren lekuetan hego osagaiko ufadek 60-80 km/h inguruko abiadura harrapatuko dute.

Beste hiru abisu hori larunbaterako

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak  beste hiru abisu hori iragarri ditu larunbaterako. Horrenbestez, abisu horia jarriko du martxan Araban, 00:00etatik 09:00etara, muturreko tenperaturengatik eta izotzarengatik.

Bigarren abisua elurragatik izango da, eta Gipuzkoako barnealdean Araba ekialdean egongo da abian 00:00etatik 03:00etara. Izan ere, goizaldean elur-kota 600 eta 800 metro artean egongo da; arratsaldean, baina, igotzen joango da eta arratsaldean 1000 metrotik gora iritsi arte.

Azkenik, itsasaldeko arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute nabigazioko lehenengo bi milietan, 12:00etatik 18:00etara. Olatuen altuera adierazgarria 3-3,5 metro ingurukoa izango da egun osoan. Arratsaldean, aldiz, baliteke 3,5 metroko altuera gainditzea.

Asteburuan, eguraldi makurra

Ostegunean udaberriko giro atseginaz gozatzeko aukera izan eta gero, ostiralean eguraldiak okerrera egingo du. Egunaren hasieran, hego-haizea bizia izango den arren, giroa argi samarra eta epela izango da. Aldaketa eguerdi partean iritsiko da, haizeak ipar-mendebaldera egiten duenean; kostaldean gainera haize aldaketa bat-batean emango da eta ipar-mendebaldeko haizea oso zakar sartuko da. Ipar-mendebaldeko haizea sartu bezain pronto, hodeiak ugarituko dira, euritara joko du eta tenperaturak nabarmen egingo du behera. Elurraren maila jaisten joango da, gauean 1000 m inguruan zurituko du eta baliteke azken orduetan elur-kota 700-800 metrora egotea, zertxobait beherago ekaitz-guneetan.

Larunbatean ere ez da giro izango: eguraldi motela espero da, haizetsua eta euria ere egingo du. Egunaren hasieran, hego-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, baina goizean mendebal edo ipar-mendebaldera egingo du, gogor samar, eta ordutik aurrera euria sarriago egingo du, bereziki ipar isurialdean; gainera, baliteke zenbait puntutan zaparradak trumoitsuak izatea. Goizaldean elur-maila 600-800 metrora egongo da, baina igo eta arratsaldean 1.000-1.200 metro inguruan geratuko da. Dezente hoztuko du eta eguneko tenperatura beroenak barnealdean 10 ºC-tik behera geratuko dira eta ipar partean 10-12 ºC-tik ezin pasa ibiliko dira.

Igandean egunaren erdiko orduetan giro umela nagusituko da. Orduan espero da euri gehien. Goizean goiz eta egunaren bukaeran aterruneak luzeak izango dira eta hodei-multzoak arinagoak. Elur-maila goizaldean 1.000-1.200 metro inguruan egongo da, baina gora egingo du orduek aurrera egin ahala. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da berriro ere, goizaldean hego-mendebaldekoa izango da eta goizetik aurrera ipar-mendebaldekoa. Eguneko tenperatura beroenek pittin bat gora egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Elurra albisteak