Gizartea -

Eusko Jaurlaritzaren Plana

9 urte arteko ikasle etorkinek, ahal dela, euskaraz ikasiko dute

Ikasle etorkinak eskola publikoan kontzentratzen ari direla eta, Hezkuntza Sailak ikasle etorkinei arreta emateko Bigarren Plana jarri du abian.

Jaurlaritzak ikasle etorkinei arreta emateko plan berria jarri du abian. Artxiboko argazkia: EFE
9 urte arteko etorkinei euskarazko ereduetan ikastea erraztuko diete

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ikasle etorkinei arreta emateko plan berria jarri du abian.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Planaren ildo esanguratsuenak aurkeztu ditu gaur goizean Bilbon. Uriarte sailburuak martxoaren 13an aurkeztuko du "eskolatze orekatua" helburu duen plana Eusko Legebiltzarrean.

Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Saila etorkinak eredu euskaldunetako ikastetxeetan eskolatzen saiatuko da, epe luzera integrazioa errazten duela argudiatuta. Horrenbestez, bederatzi urte arteko ikasle etorkinek, ahal dela, euskaraz ikasiko dute, eta adin horretatik aurrera ikasleen egoera pertsonala aztertuko da.

Uriarteren esanetan, orain arte ikasle etorkinak eskola publiko batzuetan eta ikastetxe kontzentratu jakinetan kontzentratu izan dira. Plan berriaren helburua egoera horri aurre egitea eta eskolatze orekatua eta proportziozkoa lortzea dira. Gainera, plan horren arabera, elkarrengandik gertu dauden eta ikasle profil ezberdina duten ikastetxeak fusionatu egingo dira.

Bestalde, behin ikasturtea hasitakoan ez dira ikasgela berean sartuko Eskolatze Batzordearen bidez eskolatutako bi ikasle baino gehiago, "baldin eta bere eremuan edo mugakide dituen eremuetan bestelako aukerarik badago".

Halaber, irakasleei dagokienez, Hezkuntza Sailak "irakasleentzako prestakuntza eskaintza zabaltzen jarraituko du, kultura aniztasunari arreta eskaintzeko, eta bereziki, Hizkuntza-errefortzuan diharduten irakasleentzako".

Ikasle etorkinei arreta emateko bigarren plana 2020. urtera arte egongo da indarrean, baina neurri horietako batzuk aurreko urtetik ei daude martxan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024