Gizartea -

Oharra

EiTBren oharra 'Euskalduna naiz eta zu' saioari buruz

Saioaren inguruan sortutako polemikaren harira, 'Euskalduna naiz eta zu?' saioaren bildumak otsailaren 8an emititutako produktuaren muina desitxuratu duela adierazi du EiTBk.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBk adierazten du sare sozialetan eta hedabide digitaletan zabaldu den "Euskalduna naiz eta zu?" saioaren bildumak –pertsona ezezagunek egina– desnaturalizatu egiten duela otsailaren 8an emandako produktuaren esentzia. Saioaren irudi errealak oinarritzat hartuta, bideoaren laburpen biralizatua –konfrontazioa eragitea beste asmorik ez duena– emaitza zeharo desitxuratu bat da, nahita baztertu eta berariaz ezkutatu baitira klixeetatik harago programan azaldu ziren hainbat eta hainbat gauza.

Nolanahi ere, EiTB bat dator saioan egin diren adierazpenetako batzuk iraingarriak izan direla. Horretaz jabetuta, irainduta sentitu diren lagun eta taldeei barkamena eskatu nahi die.

Horrez gainera, neurriak hartuko dira programatutako edukien bidez normalizazioaren, begirunearen eta gizarte kohesioaren alde egin dadin, eta aniztasuna errespeta dadin funtsezko balio gisa.

Herrialde plurala garen aldetik, identitate-sentimenduetan aniztasuna dagoen aldetik, EiTBk errespetuaren eta elkarbizitzaren alde  egin nahi du. Gehiegikeriatzat jo behar da sare sozial eta hedabideetan, inolako justifikaziorik gabe, horrenbeste material iraingarri sortzea eta konfrontazio areagotzea.

Dena dela, gertatutakoaren ondoren, orain kontrol neurriak hartzeko ordua da, eduki iraingarriak berriro ematea ekiditeko. Era berean, EiTBk elkarbizitzaren, iritzi aniztasunaren eta gizarte kohesioaren alde egiteko konpromisoa duela adierazten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak