Gizartea -

martxoak 8

Emakumeen Nazioarteko Egunaren historia eta jatorria

Azken mendean, aurrerapauso handiak eman dira emakumeen eskubideen esparruan; aitortzea, horietako garrantzitsuenetako bat.

Emakume bat San Salvadorren, kaleko horma-pintura baten aurrean. Argazkia: EFE
Emakume bat San Salvadorren, kaleko horma-pintura baten aurrean. Argazkia: EFE
Emakume bat San Salvadorren, kaleko horma-pintura baten aurrean. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen Nazioarteko Egunaren historia mende bat inguruan garatu da, Nazio Batuen Erakundearen arabera:

1909: AEBko Adlerdi Sozialistak egindako deklarazio bati jarraiki, Emakumeen Egun Nazionala ospatu zen otsailaren 28an estatu guztietan, eta hala jarraitu zuten egiten otsailaren azken igandeetan, 1913ra arte.

1910: Internazionalak, Kopenhagen egindako bileran, nazioartera eraman zuen Emakumeen Eguna, emakumearen eskubideen alde eta sufragio unibertsala lortzeko asmoz. Proposamena aho batez onartu zuten 17 herrialdetatik joandako 100 emakumeek; horien artean, Finlandiako Parlamentuan ordezkaritza lortu zuten lehen hiru emakumeak zeuden. Ez zuten data zehatza erabaki.

1911: Kopenhagen aurreko urtean hartutako erabakiaren ondorioz, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen lehen aldiz, martxoaren 19an, Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Herrialde horietan egindako mitinetan, milioi bat pertsona baino gehiago izan ziren, emakumezkoak zein gizonezkoak. Bozkatzeko eta kargu publikoak izateko eskubideak ez ezik, lanerako, lan hezkuntzarako eta lanean diskriminazioa ez jasateko eskubideak ere aldarrikatu zituzten.

1913-1914: Lehen Mundu Gerraren bezperan Bakearen aldeko mugimenduak eratu ziren garaian, Errusiako emakumeek Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin zuten lehen aldiz, 1913ko otsailean. Europan, emakumeek hitzaldiak egin zituzten hurrengo urteko martxoaren 8ko bueltan, gainerako emakumeei elkartasuna adierazteko.

1917: Gerran bi milioi soldadu errusiar hil ostean, Errusiako emakumeek otsailaren azken igandea aukeratu zuten greba egiteko, "bakea eta ogia" eskatzeko. Politikariek kritikatu egin zuten greba, baina emakumeek egin egin zuten. Gainerakoa historia da: handik lau egunera, Errusiako tsarrak uko egin zion aginteari, halabeharrez, eta behin-behineko gobernuak bozkatzeko eskubidea eman zien emakumeei. Egun historiko hori otsailaren 23a zen, Errusian orduan erabiltzen zuten juliotar egutegiaren arabera; martxoaren 8a, egutegi gregorianoaren arabera.

1975: Emakumeen Nazioarteko Urtearekin batera, Nazio Batuen Erakundeak Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zuen aurrenekoz.

1995: Pekingo Plataforma eta Adierazpen historikoa 189 gobernuk sinatu zuten, eta emakumeen eskubideak gauzatzeko bide orria ezarri zuen.

2014: Emakumeen Egoera Soziala eta Juridikoaren Batzordeak egindako 58. edizioan (CSW58), genero berdintasunaren inguruko gaiak aztertzeko urteroko bileran, "Emakume eta neskentzako Milurteko Garapen Helburuen aplikazioan lortutakoak eta sortutako erronkak" izan zituzten hizpide. NBEko eta gobernuz kanpoko erakundeek Milurteko Garapen Helburuak gauzatzeko emandako aurrerapausoak eta egitekoak falta direnak aztertu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Historia albisteak Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur Feminismoa gaur