Gizartea -

osasuna

Kukutxeztularen txertoa: guztientzat eta atzeraeraginezko izaerarekin

EAEko haur guztiek jasoko dute, baita 2015ko irailaz geroztik jaio baina hornidura faltagatik hartu ezin izan zutenek ere.

Kukutxeztularen txertoa jartzeari ekingo zaio berriro Euskadin

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren apirilaren 1etik aurrera kukutxeztularen aurkako txertoa jarriko zaie, berriz ere, Euskadiko haur guztiei eta, Europa osoan egondako hornidura gabeziaren ondorioz oroigarrizko dosia 6 urterekin jaso ez zuten haurren kasuan, atzeraeraginezko izaerarekin.

Hala iragarri du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur, asteazkena, goizean Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Sailburuarekin batera, Miren Dorronsoro Osasun Publikoko Zuzendaria eta Jose Mª Arteagoitia Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidentea egon dira. Azken hori, Itziar Astigarragaren ordez aukeratu dute, aipatutako aholku-batzordeak atzo bertan egin zuen bileran.

Txertaketen Batzorde Aholkulari berriak kukutxeztularen aurkako txertaketari berrekiteko erabakia aztertu eta onartu du, beste une batean gaixotasun honen inguruko txertaketa-egutegia behin-behinean aldatzea erabaki zuen bezalaxe. Erabaki hori une hartan eskuragarri zeuden txertoak optimizatu eta haurdunaldiaren azken fasean zeuden haurdunei eman ahal izateko hartu zen, giza-talde hori lehentasunekoa baita medikuntzaren aldetik, gaixotasunak fetuarentzat dakarren arrisku altuagatik.

Osasuneko Sailburuak azpimarratu duenez, txertaketan egon den atzerapenak ez du inolako arriskurik ekarri kaltetuak izan diren haurrei dagokienean, etendako txerto-dosia oroigarrizko dosia zelako eta denbora-tarte nahikoa baitzegoen txertoa geroago jarri ahal izateko.

“Izan ere -gehitu du-, Europako beste herrialde batzuetan dosi hori 6 eta 8 urte bitarteko tarte horretan jartzen zaie haurrei eta horniduraz gabetzea pairatu dugun bitartean ez da gorakadarik egon kasuen intzidentzian, 6 urtetik gorako haurrak iraganetik txertatuta eta, ondorioz, babestuta baitaude”, erantsi du.

Kukutxeztula, orokorrean, ez da gaixotasun larria, urte batetik beherako haurrentzako, baina, oso arriskutsua da. Arrazoi horrengatik, haurdunei txertoa jartzeaz harago, Darponek nabarmendu du “gurasoek bere bizitzako lehen bi hilabeteen barruan jarri beharko lioketela lehen txerto hori jaioberriari, oso garrantzitsua baita babes egokia bermatzeko".

Oroitzapeneko dosia

Epe honetan zehar oroitzapeneko dosia 6 urterekin jaso ez duten 30.000 haurrak ere gainerako umeen parean izango dira Euskadiko txerto egutegiak adin horretarako aurreikusten duen errefortzu osagarriari dagokionean.

Hiru talde bereizita

Lehena; Behin-behineko etena erabaki zen 2015eko irailaren 14tik urte bereko abenduaren 31 bitartean oroitzapeneko dosia jaso ez zuten haurrak, Kasu honetan, gurasoek beren osasun zentrora deitu beharko dute apirilaren 1az geroztik, beren seme/alabek txertoa jaso dezaten.

Bigarrena; dosia 2016en jaso behar zuten haurrak. Kasu honetan, txertaketa haurren eskoletan egingo da.

Hirugarrena; oroitzapeneko dosia 2017n jaso behar luketen haurrek urte honetan zehar jasoko dute txertoa.

Azkenik, Osasun sailburuak txertoen garrantzia azpimarratu du beste behin: “Gaixotasunak prebenitzeko egun daukagun erremintarik seguruena eta eraginkorrena dira; baina, halaber, gizarte justizia eta osasun ekitatea bermatzeko osagai bat dira ere”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak albisteak Gaurko azken ordukoa Medikuntza albisteak Haurtzaroa albisteak Txertoak egutegia