Gizartea -

Gipuzkoa

Gizon bat atxilotu dute Bergaran, beste bati labanaz erasotzeagatik

Bertako osasun etxean artatu behar izan dituzte biak, eta labana bat aurkitu dute ustezko erasotzailearen ibilgailuan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandean Bergarako diskoteka bateko aparkalekuan, beste bati labanaz erasotzea leporatuta. Borrokaren ondorioz, herriko osasun etxean artatu behar izan zituzten biak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak igande goizeko zazpiak aldera jaso zuen abisua, Bergarako diskoteka bateko aparkalekuan borrokan ari zirela ohartaraziz.

Bertara joandako ertzainek belarri atzean zauria zuen gizonezko gazte bat aurkitu zuten. Gazteak ertzainei emandako azalpenen arabera, aparkaleku horretako ibilgailu batean zegoen gizonezko batek labanaz egin zion zauria.

Horren berri jasotakoan, ertzainek erasoaren ustezko egilea identifikatu eta atxilotu zuten, eta ustez liskarrean erabilitako arma aurkitu zuten bere autoaren barruan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Bergara argazkiak Gaurko azken orduko albistea Debagoiena gaur