Gizartea -

Bolo-bolo Interneten

Arraza aurreiritzirik al duzu? BBCko bideo honek erantzuna izan dezake

Hasieran barrez lehertzeko gogoa ematen zuen arren, egun batzuk igaro eta gero, eztabaidatzeko ordua iritsi da. Arraza aurreiritzirik duzun jakin nahi al duzu?

BBCn zuzenean elkarrizketa bat egiten zegoela, haurrak agertu ziren

0:42

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seguruenik azken egunotan Interneten bolo-bolo dabilen BBCren bideoa ikusi duzu jada. Ikusi ez baduzu, albiste hau irakurtzen jarraitu aurretik, ikus ezazu. BBCko kazetari batek Robert Kelly Politika Zientzietako irakaslea etxean zuzenean elkarrizketatzen ari denean, bat-batean, horren bi alaba txikiak logelan sartzen dira eta zuzenekoan agertzen dira, aitaren arreta erakarri nahian. Jarraian, umezaina izan litekeen Asiako emakume gazte bat sartzen da logela horretan, haurrak bertatik eramateko asmoz. Barreari eutsi ezinik erabiltzaile askok sare sozialetan zabaldu dute bideo hori.

Zuzeneko elkarrizketan gertatutako bihurrikeria horren aurrean zaila da barrerik ez egitea. Halaber, askok pentsatuko dute Robert Kellyk eta umezainak sekulako eztabaida izan zutela elkarrizketa horren ostean. Hala izan bada, ireki begiak: arraza aurreiritziak dituzu. Arrazoia? Bideoan agertzen den emakumea ez da umezaina, Kelly irakaslearen emaztea eta bi haurren ama baizik.

Interneten bolo-bolo dabiltzan bideoetako bat gehiago izan zitekeen arren, arrazakeriaren inguruan gizartean errotuta dauden aurreiritziei buruz hitz egiteko aukera aproposa bihurtu da. Elkarrizketa horrek eztabaida sakona ireki du arrazakeriaren eta arrazarteko bikoteen inguruan. Horrela, norberak bere baitan erabat errotuta dituen aurreiritzi okerren eta arraza klixeen inguruan gogoeta egiteko ateak ireki ditu. Emakume hori umezaina izan zitekeela pentsatu baduzu, nazioartean gauza bera pentsatu duten milaka eta milaka lagunetako bat zara, eta hala zabaldu dute sare sozialetan. Umeen atzetik korrika agertzen den Asiako emakume gaztea ikusi dugunean, inork gutxik pentsatu du Politika Zientzietan aditua den irakasle zuri horrekin ezkonduta dagoenik.

Robert Kelly BBC (facebook)

Jung-a Kim eta Robert E. Kelly. Argazkia: Facebook

"Zergatik pentsatu dute gehienek BBCko bideo horretan agertzen den emakumea umezaina dela?", galdetu dio bere buruari Helier Cheung BBCko zutabegileak. Hedabide horretan idatzi duen iritzi artikuluaren bidez, gizartean guztiz errotuta dauden arraza aurreiritziak eta klixeak salatu ditu.

Kazetari horren arabera, faktore garrantzitsu bat dago Jung-a Kim umezaina dela pentsatzeko; izan ere, pertsona askok oraindik uste dute (nahita edo nahi gabe) ezin dela arrazarteko bikoterik egon.

Kazetariaren iritzian, "kasu batzuetan aurreiritziek min handiagoa egin dezakete". Jatorriz txinatarra den kazetari ingelesak bere artikuluan azaldu duenez, berak ere aurreiritzi ugari jasan ditu bizitzan zehar.

Dena dela, Cheungen arabera, zuzenean gertatutako bihurrikeria horrek alde positiboa izan dezake: arraza aurreiritziekin behingoz amaitzeko aukera ekar lezake BBCren elkarrizketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sare sozialak berriak Arrazismoa Eguneko albisteak 2024eko bideo ikusienak