Gizartea -

Autobus transfobikoa

Hazte Oir elkartearen autobusak Iruñea zeharkatu du protesten artean

Debekuak saihesteko, lelo transfobikorik gabe eta logoak estalita ibili da. Sarasate pasealekuan emakume bat harrapatu du.

Ignacio Arsuaga Hazte Oirreko bozeramailea Zuastin. EiTB
Ignacio Arsuaga Hazte Oirreko bozeramailea Zuastin. EiTB
Protesta handien artean iritsi da autobus transfoboa Iruñera

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Protesten artean hartu dute gaur Iruñean Hazte Oir plataformaren autobus transfobikoa. Nafarroako Parlamentura heltzeko asmoarekin, Zuastiko ordainlekutik atera eta 11:00ak aldera heldu da Nafarroako hiriburura. Iruñeko Udaltzaingoak tarte batez geldiarazi du, eta plataforma ultrakatolikoaren izena eta logotipoa kendu ezean ez ziela hirian sartzen utziko esan die elkarteko kideei. Ignacio Arsuaga plataformako bozeramaileak berak estali ditu irudiok.

Hazte Oir plataformaren izena eta logotipoak estalitakoan, bere bideari ekin dio berriro autobusak, Espainiako Polizia lagun zuela. Nafarroako Parlamenturako bidean, dozenaka lagun bildu dira haren inguruan. Manifestariek, feminismoaren eta gay, lesbiana eta transexualen aldeko banderak eskuetan hartuta, "Hazte Oir, kanpora" eta "Gorrotoa ez da adierazpen askatasuna" zioten kartelak erakutsi dituzte.

Yanguas y Miranda kalea iritsi da ondoren, eta Parlamentu aurrean aparkatu ezin izan duenez (hesia jarri du Foruzaingoak), Sarasate pasealekutik jarraitu du, Nafarroako Jauregirantz. Tarte horretan, autobusak manifestari bat harrapatu du, emakumezko bat. Zauritua anbulantzian eraman dute erietxera. Harrapaketa gorabehera, autobusa ez da gelditu.

Tentsio uneak Zuastin

AP-15ean, Zuastiko ordainlekuan, abiatu du autobusak bere bidea. Debekuak saihesteko, laranjaz margotutako ibilgailuak ez du lelo transfobikorik, eta plataformaren izena eta logotipoa bakarrik jarri dizkiote (horiek ere kendu behar izan dituzte gero).

LABek, Bilgune Feministak eta E28 gay, lesbiana eta transexualen aldeko mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, eta autobusaren bidea eteten saiatu dira. Tentsio handiko uneak izan dira, eta azkenean Guardia Zibila lagun zutela atera da ordainlekutik.

Manifestariek "faxistak", "ez zarete ongietorriak" eta transfobiaren kontrako eta aniztasunaren aldeko leloak oihukatu dituzte. Ibilgailuari kolpeak eman dizkiote eta "Alde hemendik" idatzi diote.

Ignacio Arsuaga Hazte Oir plataformako bozeramaileak adierazpenak egin ditu Zuastin, eta oihu artean hartu dute bertan protesta egiten ari zirenek. Arsuagak esan duenez, Nafarroako Parlamentura joan nahi dute "genero ideologiarekin bat egiten ez dugun herritarren adierazpen-askatasun eskubidea" aldarrikatzen duen idatzia aurkeztera.

Parlamentuan ere, protesta

Hain justu, Nafarroako Parlamentutik gertu, Sarasate pasealekuan, elkarretaratzea egin dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta I-Eko ordezkariek eta herritar ugarik. Besteak beste, honakoak bildu dira Iruñean: Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea, Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria eta Laura Perez Nafarroako Podemoseko idazkari nagusia.

Foruzaingoak Parlamentuaren atariaren inguruan hesia paratu du, ibilgailuak bertan aparka ez dezan.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak nabarmendu duenez, Udaltzaingoa "erne" egongo da egun osoan autobusak mezu transfobikorik zabaldu ez dezan eta araudia errespeta dezan.

"Lelo transfobikoak baditu, ez diogu hirian sartzen utziko; Iruñeko Udalak badu horretarako eskumena. Mezurik gabeko autobus laranja bada, sartu ahalko da, baina araudia betez", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Homofobia LGTBI+ albisteak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa