Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bederatzi gizon atxilotu dituzte Nafarroan, indarkeria matxistagatik

Zazpi bikotekideari eraso egiteagatik atxiki dituzte, eta beste bi, urruntze agindua urratzeagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak bederatzi gizon atxilotu ditu azken egunotan genero indarkeria egotzita, Nafarroako poliziak ohar batean jakinarazi duenez.

Zehaztu dutenez, Murchanten, Tuteran (4), Ablitasen, Fustiñanan, Altsasun eta Faltzesen egin dituzte atxiloketak.

Murchanten, 25 urteko gizon bat atxilotu du Foruzaingoak, 112 larrialdi telefonora egindako dei baten bidez emakume bat lurrean korderik gabe zegoela ohartarazi ondoren.

Lekukoek agenteei kontatu zietenez, 19 urteko emakume horrek eskua autoaren heldulekuan zuela, bikotekideak azeleragailua sakatu zuen, bat-batean, eta 20 metroan herrestan eraman zuen. Gazteak aurrekariak ditu tratu txarrengatik, eta positibo eman zuen droga-proban. Biktimak ez zuen salaketa jarri nahi izan.

Tuteran, lau gizonezko atxilotu zituen Foruzaingoak. Horietako bi, 30 eta 37 urtekoak, euren bikotekideek tratu txarrengatik salaketa bana jarrita zutelako atxilotu zituzten; beste biak, 37 eta 46 urtekoak, berriz, biktimengandik urruntzeko jarrita zuten agindua urratzeagatik atxiki zituzten. Kasuetako batean, sei aldiz urratu du agindua gizonak.

Ablitasen, 46 urteko gizaseme bat atxilotu zuten, bikotekideak salaketa jarrita baitu haren kontra, eta Fustiñanan, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, arrazoi berarengatik.

Halaber, Altsasuko komisariako agenteek genero indarkeriagatik aurrekariak dituen 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, tratu txarrak egin eta urruntze agindua urratu izana egotzita. Dirudienez, bikoteak eztabaida izan zuen, eta gizonak kolpatu egin zuen emakumea.

Antzeko beste atxiloketa bat ere egin du Foruzaingoak Faltzesen. Aurrekariak dituen 52 urteko gizon bat atxilotu dute azken orduotan bertan, bikotekide ohiari eraso eta mehatxu egin izana egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Nafarroan Tutera Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa