Gizartea -

Urdulizko ospitalea

Urdulizko larrialdi zerbitzua, laster abian, baina ez ospitalizazioa

Ospitalizazio zerbitzua sindikatuek jarritako helegitearen zain dago, ez baitaude ados zerbitzu batzuk kanpoko enpresen esku jartzearekin.

Urdulizko ospitalea. Artxiboko argazkia: EiTB
Urdulizko ospitalea. Artxiboko argazkia: EiTB
Urdulizko ospitalea. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Osasun sailburuaren esanetan, Urdulizko Ospitaleak "datozen asteetan" jarriko du abian Larrialdietako Zerbitzua, baina ez da gauza bera gertatuko ospitalizazio zerbitzuarekin, "dena prest badago ere", sindikatuek helegitea jarri baitute ospitaleko ikuztegi, garbiketa eta sukaldaritza zerbitzua ateratzearen aurka.

Sailburua eta Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusia Uribe osasun eskualdeko alkateekin bildu dira gaur goizean osasun zentroari buruzko argibideak emateko.

Hartara, Larrialdietako Zerbitzua datorren astean abiatuko dela iragarri diete aipatu alkateei, eta Kanpo Kontsultetako Zerbitzua handitu egingo dela, Endoskopia Zerbitzua eta Kirurgia Handi Anbulatorioko ebakuntza-gelak abiatuko baitituzte.

Osasun Sailetik emandako datuen arabera, ireki osteko lehen hilabeteotan ospitaleak izan duen jardueraren barruan "29.000 kontsulta eta 18.000 proba baino gehiago" egin dira.

Ospitalizazio zerbitzua, atzeratuta

Bestalde, ospitalizazio zerbitzua aurrerago abiatuko dela jakinarazi diete; izan ere, sindikatuek helegitea jarri dute garbiketa, ikuztegia eta sukaldaritza zerbitzuak kanpora ateratzearen aurka.

Darponek eta Mugicak alkateei azaldu dietenez, helegite hori bertan behera uzteko eskatuko dio Osakidetzak Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari.

Halaber, Osasun sailburuak eta Osakidetzako arduradunak berretsi dute Osakidetzan, "erakunde publiko gehienetan bezalaxe", garbiketa, ikuztegi eta sukaldaritza zerbitzua enpresa espezializatuen esku uztea dela egokiena, funtzionario publikoen esku utzi beharrean. Aitzitik, sindikatuen esanetan, Osakidetzak halakorik ez zuela egingo agindu zuen Mahai Orokorraren bileran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Osakidetza berriak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Gaurko azken ordukoa Urduliz