Gizartea -

Hildako bat eta bi zauritu

Tuteran mutil bat hil zuen gidariak positibo eman du droga proban

Milagroko komisarian azaldu da autoaren gidaria, harrapaketa egin eta lau ordura. Zaragozako 20 urteko gizonezko bat hil da ezbeharrean.

Istripuaren lekua. Argazkia: EiTB
Istripuaren lekua. Argazkia: EiTB
Tuteran mutil bat hil zuen gidariak positibo eman du droga proban

1:22

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan, Tuterako Aingeruaren Jaitsieraren ondoren, autoarekin hiru lagun harrapatu dituen gizonak positibo eman du droga proban eta kokaina kontsumitu zuela baiezatu dute, Foruzaingoak jakinarazi duenez.

Gidariak Guardia Zibilaren esku utzi du bere burua, harrapaketa egin eta lau ordura, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Zaragozako 20 urteko gizonezko bat hil da ezbeharrean, eta 20 eta 21 urteko Tuterako bi emakume larri zauritu dira. Goizaldean egin dizkiote droga eta alhokol probak, eta kokaina kontsumitu duela baieztatu dute.

Foruzaingoak bihar jarriko du epailearen esku, honako delitu hauek leporatuta: zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa, zuhurtziagabekeriaz lesioak eragitea eta zaurituak ez sorostea.

Bien bitartean, Tuterako Udalak dolu eguna ezarri du herrian astelehen honetarako.

Harrapaketa 20:05 aldera jazo da Norien bidean —Tuterako erdigunetik bi kilometro ingurura—. Jendetza bildu ohi da eremu horretan, herri bazkariak egiten baitira Aingeruaren Jaitsiera dela eta. Harrapaketa egin eta ihes egin du gidariak.

Lekukoek esandakoaren arabera, kolore iluneko auto batek sei gaztek —bost neska eta mutil bat— osatutako talde baten kontra egin du abiadura handian. Nola edo hala, bide bazterrera egin dute gazteek, batzuek ezkerretara eta besteek eskumara jota. Hain justu, alde horretara egin duten hiru pertsonak bete-betean harrapatu ditu autoak. C.P.R, 20 urteko Zaragozako bizilaguna, bertan hil da.

Horrez gain, Tuterako 20 eta 21 urteko bi emakume —horietako bat hildako mutilaren bikotekidea ei da— larri zauritu dira, eta Reina Sofia ospitalera eraman behar dituzte.

Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Dolu eguna Tuteran

Harrapaketaren berri eta gutxira, agiria kaleratu du Tuterako Udalak. Idatzian, gertatutakoagatik "samina" agertu du eta astelehenerako dolu eguna ezarri. Nafarroako Gobernuak bat egin du oharrarekin.

Hildako gaztearen gertukoei, lagunei eta senitartekoei doluminak eman dizkie Udalak, eta zauritutakoei "bere gertutasun, babes eta maitasuna" helarazi die. Halaber, hiru pertsonak harrapatu dituen gizonaren "jarrera higuingarria" salatu du Udalak, ihes egin baitu.

Hori horrela, apirilaren 17a dolu eguna izendatu du udalbatzak, eta horren seinale "Udaletxeko banderan haga erdian izango dira".

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak gaur Trafikoa Nafarroa Tutera argazkiak Gizartea bideoak Albisteak