Gizartea -

Harrapatzea

Tuterako harrapatzearen ustezko egilea, espetxera fidantzarik gabe

Tuterako guardiako epaileak fidantzarik gabeko espetxealdi komunikatua ezarri dio igandean autoaz zaragozar gizon bat harrapatu eta hiltzeaz akusatuta dagoen gizonari.

Foruzaingoa harrapatzea zerk eragin zuen ikertzen jarraitzen du. Argazkia: EiTB.
Foruzaingoa harrapatzea zerk eragin zuen ikertzen jarraitzen du. Argazkia: EiTB.
Foruzaingoa harrapatzea zerk eragin zuen ikertzen jarraitzen du. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuterako guardiako epaileak fidantzarik gabeko espetxealdi komunikatua ezarri dio A.L.P.C. igandean, hilak 16, zaragozar gizon bat kotxeaz harrapatu eta hiltzea leporatu dioten gizonari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez.

Foruzaingoko Tuterako agenteek ikerketa abiatu dute, harrapatzea nola eta zergatik gertatu zen argitzeko.

Atxilotutakoari droga azterketa egin zioten, listua baliatuz, eta alkohol proban negatibo baina kokaina proban positibo eman zuen.

Etxetik irtenarazi eta gero atxilotu zuten

Harrapatzearen ustezko egilea, 28 urteko milagroarra, aurkitu zuten etxebizitzatik bere kasa irteteko konbentzitu eta gero atxilotu zuen Guardia Zibilak.

Gertakaria igande iluntzean jazo zen, 20:05ean. Herritar batek SOS Nafarroa ohartarazi zuen harrapatze bat izan baitzen Tuterako Norien Bidean (GR99), Aingeruaren Jaitsieraren ospakizunaren ostean hainbat gazte talde bazkaltzeko elkartzen diren inguruan. Zaragozan bizi zen 20 urteko gizonezko bat hil zen harrapatzearen ondorioz, eta 20 eta 21 urteko bi neska tuterar arin zauritu ziren.

“Pertsona horrekin harremanetan jartzeko hainbat saiakera egin eta gero, gaztearekin telefonoz hitz egitea eta etxetik bere kasa irtetea lortu genuen, eta atxilotu egin genuen, gizon baten heriotza eragin zuen harrapatzearen ustezko egile gisa”, Guardia Zibilak ohar batean argitu duenez. Foruzaingoaren esku utzi zuten gero, hori arduratuko baita ikerketaz.

Zaurituetako bati alta eman diote

Atzo, astelehenarekin, elkarretaratze jendetsua egin zuten Tuteran, Foruen Plazan, hildako gizona eta bi zaurituak gogoan. Hain zuzen, bi emakume gazteetako bati alta eman diote jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tutera berriak