Gizartea -

Eguraldia

Pazko-aste eguzkitsua

Zeruak argitzera joko du, eta aste osoan eguzkia nagusituko da. Tenperatura freskoa izango da orokorrean, baina epeldu egingo du asteburuan.

Kontxako hondartza, Donostian. Argazkia: Efe
Kontxako hondartza, Donostian. Argazkia: Efe
Kontxako hondartza, Donostian. Argazkia: Efe

eitb.eus | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zorionekoak Pazko-astean oporrak dituztenak. Gaur goiza lainotuta esnatu bada ere, argitzera joko du, eta aste osoan eguzkia nagusituko da Euskal Herrian. Hori bai, tenperaturak freskoak izango dira, nahiz eta joera epeltzekoa izango den, Euskalmetek iragarri duenez.

Gaur goizean, lainoak agertu dira eta tenperaturak behera egin du; jaitsiera nabariagoa izan da hegoaldean. Egunaren lehen zatian, behe-hodei ugari agertu da isurialde atlantikoan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, hodeiak desegiten joango dira, eta zerua nahikoa garbi geratuko da egunaren bukaeran, erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Tenperatura beroenak 15 eta 17 ºC artean ibiliko dira. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da, eta arratsaldean indarra hartuko du.

Asteazkenean, zeruan eguzkia gailenduko da berriro, egunaren hasieran lainogune batzuk eta lanbroa agertuko diren arren. Giro argia izanagatik, tenperatura ez da aurreko egunetan bezain atsegina izango. Tenperatura minimoak hotzak izango dira, eta barnealdeko zenbait lekutan izotza egin dezake; maximoak ere jaitsiko dira, eta 13-14 ºC inguruan geratuko dira. Ipar-ekialdeko haize fina eta bizia ibiliko da.

Ostegunean, antizikloiaren eraginpean jarraituko dugu, eta giro lehorrarekin. Oskarbi egongo da, lainogune batzuekin goizean goiz. Ekialdeko haizeak indarra galduko du, hala ere, kostaldean oraindik bizi samar ibiliko da, batez ere egunaren lehen zatian. Eguneko tenperatura beroenek gora egingo dute, eta Araba eta Nafarroako zenbait txokotan egunsentian izotza egin dezake.

Asteburuan, joera berdinarekin jarraituko dugu, eta eguzkia nagusi izango da Euskal Herri osoan. Larunbatera arte, tenperaturak gora egingo du apurka-apurka, baina igandean freskatzera egingo du ipar-ekialdeko haizearen ondorioz.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Eguneko albisteak