Gizartea -

Whatsapp bidezko haur pornografiaren nazioarteko sare handiena desegin dute

Poliziak bertan behera utzi du Europako eta Ameriketako 18 herrialdetako erabiltzaileek material pedofiloa trukatzeko kudeatu eta osatzen zuten Whatsappeko taldeen sare bat.

Nazioarteko haur pornografia sare bat desegin du Poliziak

1:23

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak Whatsapp bidezko haur pornografiaren inoizko nazioarteko sare handiena desegin du, Tantalio izeneko operazio batean. Guztira, bat-bateko mezuen aplikazioan material pedofiloa zabaldu eta jasotzeko berariaz sorturiko 96 talde aztertu dituzte, eta 136 erabiltzaile identifikatu.

“Giza duintasuna mintzen duten irudiak” atzeman dituzte, Rafael Perez Espainiako Poliziaren Ikerketa Teknologikoetarako Brigada Zentralaren komisarioburuaren hitzetan. Sexu abusuak erakusten dituzten artxibook “olio larrua” jartzen dutela gehitu du Perezek.

Gainera, oraindik identifikatu ez badituzte ere, biktimak bi edo hiru hil eta zortzi urte artekoak direla zehaztu du Poliziaren ordezkariak, prentsaurreko batean.

Whatsappeko taldeak Europako eta Ameriketako 18 herrialdetako pertsonek sortu eta osatu zituzten, material pedofiloa elkarbanatzeko xedez. Guztira, 39 pertsona atxilotu dituzte operazioan, horietako bi Huelvako eta Malagako hainbat udaletako zerbitzu sozialetan lan egiten zuten pertsonak.

Agintariak ezin izan dira abusuen biktimekin harremanetan jarri, 136 ikertuak materialaren erabiltzaile edo hedatzaileak baitira, eta ez, nonbait, horren sortzaileak. “Ez dugu atzeman gure herrialdean ekoitziriko bideo pedofilo edo pornografikorik”, esan du Espainiako Poliziako komisarioburuak.

Whatsaapekiko lankidetzari dagokionez, “aurrez aurre izaten dugun arazo handienetako bat” dela azpimarratu du Perezek, "beren sorterriko legediaren arabera jokatzen baitute sare sozialen konpainiek. “Epaileek herrialde horri egiten dioten edozein eskari erreguzkoa izan behar da; osterantzean, ez aurrera ez atzera gelditzen da”, adierazi du.

Bestalde, Angel Sancez Poliziako inspektorearen hitzetan, Whatsappeko talde hauetarako sarbidea “erabat librea zen, ez zegoen inolako baldintzarik bete beharrik”. Horrela, erabiltzaile “askok” edukiak ikusten dituztela baina ez dituztela zabaltzen azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea