Gizartea -

Sutea

Sute handi batek Getxoko gaztetxea izandakoa kiskali du

Hiru pertsona atera behar izan dituzte bertatik, baina ez da inor zauritu. Metroko zerbitzua etenda egon da hiru orduz Astrabudua eta Aiboa artean.

Argazkia: @poetacoliflor
Getxoko gaztetxean izandako sutearen irudiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sute handia piztu da goizean Getxoko gaztetxea izandakoan, Errekagane kalean. Garrek erabat kiskali dute orain abandonatuta zegoen eraikina. Sutea dela eta, Bilboko metro zerbitzua hiru orduz eten behar izan dute Aiboa (Getxo) eta Astrabudua (Erandio) geltokien artean.

Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dutenez, hiru pertsona atera behar izan dituzte bertatik, baina ez da inor zauritu. Sua piztu denean, bi pertsona zeuden eraikinaren barruan, eta suhiltzaileek bertatik ateratzera behartu dituzte. Halaber, ondoko etxebizitza bateko bizilagun bat ere etxetik atera dute, badaezpadako neurri gisa.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, 09:40an piztu da sua, eta suhiltzaileek goizeko hamaiketarako garrak kontrolpean hartu badituzte ere, sua erabat itzaltzeko lanean jarraitzen dute. Suaren ondorioz, eraikinaren egurrezko teilatua erori da, eta horrek zaildu egin ditu itzaltzeko lanak.

Suteak ez du kalterik egin Bilboko Metroaren instalazioetan, baina argindarra eten da, eta, ondorioz, metro zerbitzua ere bertan behera gelditu da Aiboa eta Astrabudua artean, hiru orduz. Denbora horretan, autobusak egon dira zerbitzua eskaintzen.

Metro Bilbaok jakinarazi duenez, 13:15ean berrezarri dute zerbitzua.

 

INCENDIO ANTIGUO GAZTETXE GETXO FOTO POETACOLIFLOR

Ke lainoa urrutitik ikus daiteke. Argazkia: @poetacoliflor

Bestalde, Getxoko Udalak Errekaganeko pabiloiak birgaitzeko konpromisoa berretsi du gaur, goizean piztutako sutearen ondoren.

Imanol Landa alkateak berretsi duenez, haren udal taldeak pabiloiak birgaitzeko proiektuari eutsiko dio. Dena den, sutearen ondoren eraikinaren egoera zein den argitu arte ez dutela erabakirik hartuko azpimarratu du.

Haren esanetan, adituen eta teknikoen txostenek zehaztu dute eraikinaren egoera zein den eta sua nola piztu den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo bideoak Azken ordukoa Bizkaia Suteak gaur Metro Bilbao Gaurko azken ordukoa