Gizartea -

Nafarroa

Hamaika atxilotu Nafarroan, indarkeria matxista delituak egotzita

Horietatik bederatzi tratu txarrak emateagatik atxilotu dituzte eta beste bi, berriz, zenbait adin txikikori sexu erasoak egiteagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak hamaika gizon atxilotu ditu aste honetan Nafarroan, indarkeria matxistarekin zerikusia duten delituak egotzita. Horietatik bederatzi tratu txarrak emateagatik atxilotu dituzte eta beste bi, berriz, adin txikiko hainbat neskari sexu erasoak egiteagatik.

Ikerketak amaituta, atestatuak emakumearen aurkako indarkeria kasuez arduratzen diren epaitegien esku utzi dituzte, Foruzaingoak ohar batean aditzera eman duenez.

Batetik, tratu txarren kasuengatik atxiloketak honako herri hauetan egin dituzte: Funes, Cortes, Tutera, Tafalla, Barañain, Cascante eta Berriozar.

Bestetik, foruzainek Adin Txikikoen Fiskaltzaren esku utzi ditu beste bi gizon, adin txikiko bi emakumeren sexu askatasunaren eta intimitatearen aurkako ustezko delituak leporatuta.

Horietako bat Iruñean atxilotu zuten: 16 urteko adin txikiko bat. Zazpi urteko haren lehengusinari sexu abusuak egitea leporatu diote, umearen amak salatu ostean.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak