Gizartea -

Ekitaldi sorta

Bonbardaketaren 80. urtemuga gogoratuko du Gernikak

Kolonbiako Gobernuaren izenean, Sergio Jaramillo Bakerako goi ordezkariak jasoko du Gernika saria. Gero, ekitaldi instituzionala izango da Pasealekuan.

Gernikako kaleetako bat, txikituta, bonben ostean. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa
Gernikako bonbardaketa. Argazkia: Bakearen Museoa
Gernikako kaleetako bat, txikituta, bonben ostean. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernika, 1937ko apirilaren 26a, 15:30. Alemaniako eta Italiako hegazkinek Bizkaiko udalerriaren kontrako lehen bonbardaketari ekiten diote. Eraso faxista horren biktimak gogoan hartzeko eta jazoera lazgarri horiek berriro gertatu ezin direla aldarrikatzeko eguna da gaurkoa, 80. urtemugaren bezpera.

Urtemugaren harira antolatutako ekitaldi sorta apirilaren 8an abiatu bazen ere, jardueren kopurua handituz joan da data seinalatua hurbiltzen joan den heinean. Hala, makina bat ekitaldi izango dira astearte eta asteazken honetan.

'Bonbardaketak Euskadin (1936-1937)' izenburupean, mintegia dago atzotik gaur eguerdira Elai Alai aretoan. Nazioarteko aditu ezagunak bertaratu dira Gernikara, besteak beste, Xabier Irujo, Angel Viñas ekonomialari eta historialaria, eta Paul Preston historialari ingeles ospetsua.

Arratsaldean, 17:00etan, Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen alde 2017ko saria jasoko du alkatearen eskutik. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagia eta Gervasio Sanchez fotokazetaria dira aurtengo saridunak. Lehenengoaren izenean jasoko du Jaramillok saria.

Kolonbiako bake prozesuaren bultzatzaile garrantzitsuenetako bat da Jaramillo. Habanako elkarrizketen abiapuntu izan ziren negoziazioetan egon zen, eta FARC gerrillarekin negoziatzen jardun zuen lau urtez.

Kolonbia FARC Sergio Jaramillo eta Ivan Marquez EFE

Jaramillo, Ivan Márquezekin batera, FARCeko gerrillariak agurtzen. Artxiboko argazkia:  EFE

18:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gernikako Udalak antolatuta. Pasealekuan paratu duten Memoriaren Plazan izango da ekitaldia, eta, besteak beste, hauek bertaratuko dira: Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. HIKA taldeak ekitaldirako prestatutako antzezlana izango da ikusgai.

Gaurko ekitaldi sorta hitzaldi batekin amaituko da, 20:00etan. Camilo Gonzalez Posso Kolonbiako Osasun ministro ohi eta Bakerako eta Garapenerako Ikerketa Institutuko presidenteak 'Bakearen erronkak Kolonbian' izeneko hitzaldia emango du.

Kondor Legioaren ondorengoak, Gernikan

Kolonbiako gonbidatuak ez ezik, Alemaniatik etorritakoak ere izango dira egunotan Bizkaiko udalerrian. Gernika Gogoratuz elkarteak gonbidatuta, Kondor Legioaren kide eta buruzagi batzuen ondorengoek bisitatuko dute herria.

Dieprand von Richthofen eta Karl-Benedikt von Moreau (Von Richthofen Kondor Legioaren Estatu Goreneko buruzagiaren eta Von Moureau pilotuaren iloba, hurrenez hurren) Gernikan izango dira asteartean eta asteazkenean. Apirilaren 26an, eraso faxistaren biktimei elkartasuna adierazteko eta iraganaren irakurketa kritikoa egiteko adierazpena irakurriko dute biak ala biek.

Aurretik ere, 2012an eta 2007an, egonak dira Gernikan, baina lehen aldiz egingo dute sarraskiaren biktimen aldeko adierazpen publikoa.

Ekitaldiak Erandion eta Eibarren

Gernikaz gain, EAEko hainbat herri bonbardatu zituzten hegazkin faxistek: Otxandio, Markina, Legutio, Bilbo, Durango, Lekeitio, Zalla, Eibar eta Erandio, tartean. Gertatutakoa ahaztu ez dadin, ekitaldiak antolatu dituzte azken bi herri horietan. Erandion eguerdian egin dute biktimak oroitzeko ekitaldia.

Eibarko Udalak ere ekitaldi andana antolatu du Gogora Institutuarekin batera, gaur hasi eta apirilaren 30era arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Erandio bideoak Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Eibar albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Giza eskubideen urraketak frankismoan Frankismoari buruzko albisteak