Gizartea -

80. urtemuga

Hunkituta gogoratu ditu Gernikak bonbardaketaren biktimak

Urteurren borobila izaki, memoria egiteko eta bakea aldarrikatzeko eguna da gaurkoa. Ekitaldi andana antolatu dituzte.

Gernikak Kolonbiako bake prozesuaren alde aritu direnen lana saritu du. Argazkia: EFE
Gernikako bonbardaketa. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa
Hunkituta gogoratu ditu Gernikak bonbardaketaren biktimak

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1937ko apirilaren 26a azoka eguna zen Gernikan. Bazkalostean, 15:45ean, Andra Mari elizako kanpaiak entzun ziren, ozen. Ezkilek hegazkinen etorreraren berri eman zuten. Ondoren, sarraskia. Alemaniako eta Italiako 40 bat hegazkinek izua, sua eta hondamendia utzi zuten nonahi. 2.000 lagun inguru hil ziren (7.000 herritar zituen garai hartan), zibilak denak ere. Herriko eraikinen % 70 txikituta geratu ziren. Triskantzaren ondoren, frankismoak isiltasuna ezarri zuen, eta isilean sufritu zuen Gernikak 40 urtez.Tragediak 80 urte bete ditu gaur, eta urteurren borobila izanda, memoria eta bakea aldarrikatzeko makina bat ekitaldi antolatu dituzte herrian; biktimen aldeko lore-eskaintza, munduari sarraskiaren berri eman zioten kazetariei omenaldia eta Bakearen eta Bizikidetzaren Gernika Sarien banaketa egin dira, egunean zehar.

Sirena hotsak eta lore eskaintza

Arratsaldeko 16:00etan Zalloko hilerrian bonbardaketan hildakoen aldeko lore-eskaintza egin dute, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. 30 bat lore-sorta utzi dituzte biktimen omenez. Agintari ugari izan dira omenaldian; tartean, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza zabala. Alemaniako Gobernuak, Ramon Rubial Fundazioak eta Nagasakiko erakundeek ere bidali dute ordezkaritza. Eta nola ez, sarraskia bertatik bertara bizi izan zuten herritarrak eta biktimen senideak ere egon dira hilerrian egin den ekitaldi hunkigarrian.

Lore-eskaintza hasi aurretik, urtero bezala, kanpai eta sirena hotsak entzun dira Gernikan, duela 80 urte bezala.

Gerrako kazetariei omenaldia

Betalde, gerra korrespontsalei omenaldia egin diete, batez ere, The Times egunkarian Gernikan egun hartan gertatutakoaren kontakizun fidela egin zuen George Steer kazetariari. Diotenez, haren kronika irakurrita egin zuen Picassok Guernica artelana. Bizkaiko herrian kazetariaren omenezko eskultura dago, eta lore-eskaintza egin dute bertan. Steerrekin batera, Mathieu Corman Ce Soir aldizkarian Gernikako bonbardaketaren kontakizunaren egilea ere hartu dute gogoan.

 

George Steer kazetaria omendu dute Gernikan
George Steer kazetaria omendu dute Gernikan
George Steer kazetaria omendu dute Gernikan

Bestalde, bonbardaketaren eta gerretako "biktima errugabe guztiak" gogoan, Bizkaiko Batzar Nagusietan minutu bateko isilunea egin dute batzarkideek eta Foru Gobernuko kideek. Gernikako arbolaren ondoan egin dute ekitaldia.

Eguerdian, Bakearen eta Bizikidetzaren Gernika sariak banatu dituzte Lizeo antzokian. Aurten, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagia eta Gervasio Sanchez fotokazetaria saritu dituzte. Kolonbiako Gobernuaren izenean, Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak hartu du, eta gerrillaren izenean, Enrique Santiago abokatu espainiarrak. Jaramillo atzo heldu zen Gernikara. Kolonbiako bake prozesuaren bultzatzaile nagusietakoak memoria "bizi" mantentzeko deia egin zuen, "gogora ekarrita berriro ez gertatzea saihesten ari garelako".

FARCen izenean saria jaso duen Enrique Santiago abokatu espainiarrak azaldu duenez, Kolonbiako agintariek Gernikara bidaiatzea eragotzi diote Timochenkori. FARCeko buruzagiak Gernikan egoteko agenda arazoak izan dituela zabaldu bada ere, informazio hori gezurtatu du. Gaineratu duenez, premiazkoa da mundua Kolonbiara begira jartzea bake akordioa betetzen dela bermatzeko. Izan ere, ultraeskuinak esana du boterera iritsiz gero akordioa baliogabetuko duela.

Gervasio Sanchez fotokazetariak, bestalde, saria jasotzea "ohore" bat dela adierazi du bere hitzaldian. Haren esanetan, gerrak ez dira data ofizialetan amaitzen; aitzitik, hamarkada batzuk geroago ere jarraitu egiten dute. Bakeak "bideetatik minak kentzea, falta diren pertsona guztiak aurkitzea eta horien familien esku uztea, eta gerra krimenetan parte hartu dutenei erantzukizun politiko eta juridikoak eskatzea" esan nahi du.

Arratsaldean biktimak hartu dituzte gogoan. Zorigaiztoko egun hartan bezala, kanpai eta sinera hotsak entzun dira, 15:45ean.

 

Sirena hotsak Gernika gelditu du 15:45ean
Sirena hotsak Gernika gelditu du 15:45ean
Sirena hotsak Gernika gelditu du 15:45ean

 

Ordu laurden geroago, sarraskian hildakoen omenezko elizkizuna eta lore-eskaintza egin dute Zallo hilerrian. Euskal erakundeetako ordezkari nagusiak izan dira bertan: Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea. Horrez gain, Kolonbiako eta Alemaniako gobernuetako ordezkariak eta Nagasaki (Japonia) eta Kobane (Siria) hirietako erasoetan hildakoen senitartekoak ere hurreratu dira Bizkaiko herrira. Ordu berean, 16:00etan, minutu bateko isilunea egin dute Kongresuko atarian EAJk deituta.

 

Herrialde desberdinetako lore sortak, bonbardaketaren biktimen omenez
Herrialde desberdinetako lore sortak, bonbardaketaren biktimen omenez
Herrialde desberdinetako lore sortak, bonbardaketaren biktimen omenez

 

Manifestazio isil batekin amaitu dute eguna Gernikan. Kandelak eskuan, biktimak gogoan hartzeko eta duela 80 urte gertatutakoa salatzeko parada izan dute herritarrek.

Kondor Legioaren ondorengoek, adierazpena

Halaber, Gernika Gogoratuz elkarteak gonbidatuta, Kondor Legioaren kide eta buruzagi batzuen ondorengoak daude atzotik Gernikan.

Dieprand von Richthofen eta Karl-Benedikt von Moreau (Von Richthofen Kondor Legioaren Estatu Goreneko buruzagiaren eta Von Moureau pilotuaren iloba, hurrenez hurren). Eraso faxistaren biktimei elkartasuna adierazteko eta iraganaren irakurketa kritikoa egiteko adierazpena irakurri dute gaur biek ala biek.

 

Alemaniako Kondor Legioaren senideak Gernikan bisitan
Alemaniako Kondor Legioaren senideak Gernikan bisitan
Alemaniako Kondor Legioaren senideak Gernikan bisitan

1:14

 

Aurretik ere, 2012an eta 2007an, egonak dira Gernikan, baina lehen aldiz egin dute sarraskiaren biktimen aldeko adierazpen publikoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Euskal hiriburuak Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gernika-Lumo albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Frankismoa albisteak Memoria historikoa albisteak