Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Adingabe batek sexu-erasoa jasan du Txantrea auzoko jaietan

Ustezko erasotzailea, gizonezko adingabe bat, atxilotu egin du Udaltzaingoak. Elkarte feministek eta Jai Batzordeak elkarretaratzea deitu dute erasoa gaitzesteko.

Azken eraso sexista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Txantrean

2:01

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udaltzaingoak adingabe bat atxilotu du, emakumezko adingabe bati ustez egindako sexu-erasoa egotzita.

Jazoera Iruñeko Txantrea auzoko jaietan gertatu da, goizaldeko 03:00ak aldera. Emakumezko adingabeak Poliziari deitu dio, sexu-erasoa pairatu duela esanez.

Udaltzaingoko hainbat patruila bertaratu dira, eta egoera horietarako aurreikusita dagoen protokoloa abian jarri dute. Haren ama une oro ondoan izan duela, gaztea ospitalera eraman dute, mediku-azterketa egin diezaioten.

Salaketa aurkeztu ostean, ikerketa abiatu du Udaltzaingoak, eta gizonezko adingabe bat atxilotu du, sexu-erasoarekin lotura duelakoan.

Jaiak, bertan behera

Erasoa dela eta, Txantrea auzoko jaietako igande arratsaldeko ekitaldiak bertan behera geratu dira. Udaleko hainbat iturrik adierazi duenez, auzia sekretupean mantendu nahi dute, dirudienez, bai biktima bai ustezko erasotzailea ere adingabe baitira.

Arratsaldeko 20:00etan, Txantreako Talde Feministak eta Jai Batzordeak deituta, manifestazio batek Txantreako kaleak zeharkatu ditu erasoa gaitzesteko asmoz.

TXANTREA AUZOAN JAZOTAKO SEXU-ERASOA SALATZEKO ELKARRETARATZEA IRUÑEAN EITB

Txantrean izan den manifestazioa. Argazkia: EiTB

Babes instituzionala

Iruñeko Udaleko ordezkari politiko guztiek sexu-erasoa "sendo" gaitzetsi dute, eta elkartasun osoa adierazi diote emakumezkoari, eta inoiz jazarpena pairatu duten gainerako emakumeei ere.

"Erakunde publiko garen heinean, eraso sexisten aurrean jarrera konprometitua izan behar dugu, gizona nahiz emakumea izan, eta zentzu horretan lan egitea da gure helburua", gaineratu dute.

Iruñeko alkate Joseba Asironek ere erasoa errefusatu du Twitterren:

Nafarroako Gobernuak ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskutik, gertatutakoa arbuiatu du, eta "erabat gaitzetsi" du sexu-erasoa.

Horrez gain, "proaktiboak" izan daitezela eskatu diete herritarrei, "emakumeenganako jarrera laidogarririk onartuko ez duen gizarte bat eriakitzeko".

-------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Tratu txarrak gaur Gizartea bideoak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gaurko azken orduko albistea Jaiak