Gizartea -

Epaia

Bost urteko zigorra, Iruñean bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Nafarroako Auzitegiaren Lehen Sekzioak frogatutzat eman du gizonak bi neskak mozkortu zituela sexu gehiegikeriak egiteko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiaren Lehen Sekzioak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati Iruñean bi adingaberi sexu abusuak egitea egotzita.

Auzitegiak frogatutzat eman du gizonak bi neskatoak mozkortuta zeudela baliatu zuela sexu gehiegikeriak egiteko. Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke.

Epaian jasotzen denez, akusatua adingabe batekin jarri zen harremanetan, Facebook bidez. Hilabete geroago, gau batean elkarrekin ateratzeko gonbita egin zien neskatoari eta harekin zegoen lagun bati.

Neskek akusatuari aitortu ziotenez, 15 urte betetzear zeuden, eta, beraz, ezin zuten gizonak proposatutako diskotekara joan. Horren ordez, supermerkatu batera joan ziren, eta alkohola erosi zuen gizonak. Akusatuak "alkoholdun edariak eman zizkien neskatoei, eta, ohituta ez zeudenez, alkohol-intoxikazioa eragin zien", epaiaren arabera.

Neskak "zorabiatuta" zeudela eta, etxera lagundu zien gizonak. Adingabeak ohean etzan ziren, eta "ondoren gertatutakoak ez dituzte gogoratzen".

Epaiak frogatutzat eman du akusatuak nesken mozkorraldia baliatu zuela biei sexu abusuak egiteko. Bi nesketako bat "konorterik gabe" zegoela, sexu gehiegikeriak egin zizkion, eta besteari, ukituak.

-------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Tratu txarrak Nafarroako albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea