Gizartea -

Euskalduna jauregia

Canalesek Etxanobe itxi, eta jatetxe berri bat zabalduko du Bilbon

Sukaldariak lokal “hipergastronomiko” berri bat zabaldu nahi du Bizkaiko hiriburuaren erdialdean, eta beste sukaldari bat arduratuko da Euskalduna jauregiko jatetxeaz 2018tik aurrera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Canales Michelin izar baten jabe den sukaldariak gaur iragarri duenez, 18 urtez Etxanobe Euskalduna jauregiko jatetxea zuzendu eta gero, proiektu hori utziko du Bilboko erdigunean lokal “hipergastronomiko” berri bat irekitzeko.

Gaur agerraldi batean azaldu duenez, Euskalduna uzteko arrazoia erabat profesionala izan da, eta “eboluzio pertsonala” da haren jatorria, “oro har gizartean eta batik bat gastronomiaren arloko ohituretan izan diren aldaketek eragindakoa”.

“Sukaldari gisa dudan eboluzioak –erantsi du– publikoa gaur egun eskatzen ari denari egokituko zaion proiektu bat garatzera narama, eta, horretarako, bi giro garatzeko aukera emango didan lokal bat behar dut: zortzi mahaiko eremu bat gastronomia berria atsegin duen publikoarentzat eta toki zabalago bat, bestetik aldendua, kalitate-prezio oreka estuago bat lehenesten dutenentzat”.

Andoni Aldekoa Euskalduna jauregiko zuzendariak argitu duenez, Etxanobe jatetxearen eta Euskaldunako espazio gastronomiko berriaren arteko trantsizioa “lasaia” izango da, eta Canalesek aurtengo abenduaren 31ra arte izango du Euskaldunako jatetxearen ardura.

Aldekoak aurreratu du, bestalde, jauregiko jatetxearen hurrengo kudeatzailea aukeratzeko lehiaketa egingo dutela: “Kalitate handiko norbait izan beharko da, bertoko produktua zelan erabiltzen dugun erakutsiz Bizkaiak gastronomian ordezkatzen duena islatzeko gai izango dena, euskal sukaldaritza landu, moderno eta abangoardiazkoaren erakuslea”.

Azkenik, jatetxearen hurrengo zuzendaria zein izango den irailean ebatziko dutela eta lokala, erabat zaharberritutakoan, 2018ko martxoan irekiko dutela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Euskalduna Jauregia