Gizartea -

Maiatzak 21

Maratoi solidarioa egingo dute Gernikan, haur-minbizia ikertzen laguntzeko

“Gu Be zuek gara” lelopean, parte-hartzaileek kamiseta horia jantziko dute. Haur-minbizia ikertzen laguntzeko  29.900 euro biltzea da helburu nagusia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 21ean haur-minbizia ikertzen laguntzeko 2017ko Maratoi Solidarioa hartuko du Gernikak. Lasterketak, haur-jokoak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte egun horretarako. Helburu nagusia 29.900 euro lortzea izango da, Gurutzetako Unibertsitateko Ospitaleko Onkologia arloko umeei lagundu ahal izateko.

Prozesu onkologikoak pairatu dituzten edo pairatzen ari diren umeen gurasoek osatzen duten La Cuadri del Hospi elkarteak eta Gernikako Atletismo Taldeak elkarrekin antolatu dituzte ekintzak, ostegun honetan antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Maratoi solidario horren bidez, Gurutzetako Unibertsitateko Ospitaleko Onkologia arloak haur-minbizia ikertzeko martxan jarri duen proiektua finantzatu nahi du La Cuadri del Hospi elkarteak.

Haurrei eta nerabeei babesa emateko lasterketa solidarioan parte hartu nahi duten herritarrek “Gu Be zuek gara” leloa idatzita daraman kamiseta horia jantzi beharko dute.

Kamiseta solidario hori bost euroren truke eskuratu daiteke, eta, horren bidez, kanpainaren gastuak ordaindu eta haur-minbizia ikertu nahi du La Cuadri del Hospi elkarteak. Horrez gain, txosna solidario bat jarriko dute eta lekura hurbiltzen direnek bi tonboletan parte hartzeko aukera izango dute.

Era berean, maiatzaren 8an minbizia pairatzen duten haurrei buruzko dokumental bat izango da Gernikako Elai Alai Aretoan. Halaber, gai horren inguruan hitzaldi bat egingo dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia argazkiak Gernika-Lumo argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Gaurko azken ordukoa