Gizartea -

Ezohiko kasuetan

Ertzainek ‘egoera kritikoetan’ erabiliko dituzte pistola elektrikoak

Soilik ikastaro “espezifikoak” jaso dituzten ertzainek izango dute Taser pistolak erabiltzeko aukera.

Ertzainak. Artxiboko argazkia: EiTB
Ertzainak. Artxiboko argazkia: EiTB
Ertzainak. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak erositako Taser pistola elektrikoak soilik “egoera kritikoetan eta ezohiko kasuetan” erabili ahal izango direla ziurtatu du ostiral honetan Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.

Hala erantzun dio Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide batek arma horien erabilerari buruz egindako galdera bati. Deskarga elektriko baten bidez, pertsona bat geldiarazteko ahalmena du Taser pistola erabiltzen duen agente batek.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Amnistia Internazionalak argitaratutako txosten baten berri eman du. Erakunde horren arabera, arma hori erabilita 500 pertsona inguru hil ziren AEBn hamar urtetan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, ertzainek suzko armen ordez erabiliko dituzte Taser pistolak, hau da, beste irtenbiderik ez dagoen egoera kritikoetan.

Era berean, soilik ikastaro “espezifikoak” jaso dituzten Berehalako Erantzunerako Patruila Zerbitzuko ertzainek izango dute pistola elektrikoak erabiltzeko aukera. Beltran de Herediak azaldu duenez, egoera kritikoetan esku hartzen duten agenteak dira, pertsonen “bizia arriskuan dagoenean”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak