Gizartea -

Drogaren kontrako operazioa

40 milioiko balioa duten 500 kilo kokaina atzeman dituzte Gasteizen

Bilboko Portutik Jundizko industrialdera joandako eta bertan aparkatutako kamioi batean aurkitu du droga. Araban atzemandako kokaina karga handienetakoa da.

500 kilo kokaina atzeman dituzte Gasteizen aparkatutako kamioi batean

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Drogaren kontrako operazio batean, 500 kilo kokaina atzeman ditu Guardia Zibilak Gasteizen. Oraingoz ez dute inor atxilotu, baina operazioa zabalik dago. Merkatu beltzean 40 milioi euroko balioa edukiko luke drogak.

Jundizko industrialdean aparkatuta zegoen kamioi batean aurkitu zuten droga, ostiralean. Agenteek susmo txarra hartu zioten denbora luzez aparkatuta zegoen kamioi bati, eta hura miatzean topatu zuten droga.

Kokaina industriarako urratzailea zeraman zakuen artean zegoen. Brasildik Bilboko Portura legalki ekarritako merkantziaren artean ezkutatu zuten droga, enpresa esportatzaileak eta inportatzaileak ezertxo ere jakin gabe. Metodo horri "galdutako gantxoa" deitzen zaio.

Jarduteko modua

Droga trafikoan aritzen diren gaizkile talde handiek askotan erabili ohi dute metodo hau. Legezko nazioarteko merkantzia garraioa baliatzen dute droga Hego Amerikatik edo Erdialdeko Amerikatik Europara ekartzeko. Horretarako, taldeko kide batek jatorrizko edukiontzian sartu behar du droga, portuko langileak ohartu gabe, eta merkantzia helmugara iristen denean, droga berreskuratu behar dute.

Guardia Zibilak gainbegiratzen ditu Santurtziko portura heltzen diren edukiontziak. Den-denak ez ditu miatzen, portuko jarduera etengo lukeelako, baina bai "susmagarrienak".

Droga atzemanda ere, oso zaila da gaizkile taldea harrapatzea, eta horregatik trafikatzaileek maiz erabiltzen dute metodo hau.

2009az geroztik atzemandako handiena

Araban atzemandako kokaina karga handienetakoa da honakoa. 2009an bi tona kokaina harrapatu zituen Guardia Zibilak Forondako aireportuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Drogak argazkiak Gizartea albisteak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea