Gizartea -

Udako Ikastaroak

Gaurkotasunari lotutako gaiak izango dira nagusi EHUko Udako Ikastaroetan

Hauek dira jorratuko dituzten gaietako batzuk: Brexita, immigrazioa Europar Batasunean, Siriako gerra eta Palestinako egoera.

Ikastaroak ekainaren 7an hasi, eta irailaren 15ean amaituko dira. Argazkia: EFE
Ikastaroak ekainaren 7an hasi, eta irailaren 15ean amaituko dira. Argazkia: EFE
Ikastaroak ekainaren 7an hasi, eta irailaren 15ean amaituko dira. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroetan gaurkotasunari lotutako gai asko dituzte, besteak beste, brexitak sortutako egoera, immigrazioa Europar Batasunean, Siriako gerra eta Palestinako egoera.

Aurtengo programa aurkeztu dute gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Carmen Agoues Udako Ikastaroen zuzendaria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea eta Roberto Iñiguez de Onsoño Irizarreko Pertsonal saileko zuzendaria.

Agouesek azaldu duenez, ekainaren 7tik irailaren 15era bitartean egingo dira Udako Ikastaroak, eta aktualitatea izango da aurtengo ildo nagusietako bat.

Eskainiko dituzten ikastaroen artean, Erroma Tratatuaren 60. urteurrenari buruzkoa azpimarratu du, "Europar Batasunaren etorkizunari buruz sortutako zalantzak eta kezkak" partekatzeko balioko duena.

Halaber, hainbat jardunaldi eskainiko dituzte, hala nola hezkuntza XXI. mendeko erronken aurrean, eredu energetikoak, gobernantza berriak, gizartearen zaharkitzearen erronkak eta digitalizazioa.

Bestalde, Paco Etxeberria auzitegi medikuak ikastaro bat emango du indarkeria masiboari, hobi-komunei eta giza eskubideei buruz.

XXVI. Udako Ikastaroek Donostia izango dute egoitza nagusi, eta orotara 190 jarduera eskainiko ditu.

Dena dela, beste hainbat herritan ere egingo dituzte ekimenak, besteak beste Bilbon, Gasteizen, Hendaian, Irunen, Tolosan, Oñatin, Agurainen eta Laguardian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Uda