Gizartea -

Iparraldea

Milaka euskaltzaleren berotasuna jaso du 2017ko Herri Urratsek

Bildutako dirua Baionan lizeo berria eraikitzeko bideratuko du Seaskak, hain zuzen, lanbide heziketa euskaraz eskainiko duen lehenengo gunea izango dena.

Milaka euskaltzale bildu dira Senpereko lakuaren inguruan. Argazkia: EiTB
Milaka euskaltzale bildu dira Senpereko lakuaren inguruan. Argazkia: EiTB
Jai-giroa Senpereko aintziran, baina aldarrikapena ahaztu gabe

1:33

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero legez, Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia ospatu dute igande honetan milaka euskaltzalek Senperen, eguraldi ona lagun izan dutela, euskarari euren berotasuna, babesa eta bultzada emateko asmoz.

Aurtengo Herri Urrats testuinguru berezian heldu da: batetik, Euskal Elkargoa sortu ondorengo lehendabizikoa delako; bestetik, Emmanuel Macron Frantziako presidente berriak egun berean hartu duelako kargu berria.

Macronek hitza emana du Hizkuntza Legea garatuko duela, eta, antolatzaileen esanetan, esandakoa betetzea eskatzeko ere balio behar du aurtengo Herri Urrats jaiak.

Agintariak

Hartara, Iparraldeko zein Hegoaldeko agintari ugari bildu dira Senpereko lakuaren bueltan, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua edota Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea. Guztiek parte hartu dute Ur Hegia etxean egin den jaiaren irekiera ekitaldian.

Kultura sailburuak euskararen aldeko elkarlanaren beharraz hitz egin du bertan: "Euskararen aintzirak guztion beharra du bizi eta eder mantentzeko. Erakundeak behar ditu, elkargo eta udalak. Ikastola eta eskolak behar ditu, irakasle eta ikasleak, euskaltegiak eta euskara taldeak, herritar eta hiztunak, atxikimendua eta erabilera. Ekimena eta pazientzia. Hori ongi dakigu hegoaldeko isuritik gatozenok".

Zupiriak azpimarratu duenez, "Eusko Jaurlaritza beti izango da laguntzeko prest" euskararen alde egiteko, betiere errespetutik: "Itxaropenez ikusten dugu Iparraldean pausuz pausu gertatzen ari dena. Eta gure babesa eta laguntza eskaintzen dizuegu, beti egin dugun bezala, errespetuz zuekin batera euskararen aintzirak ur gehiago izan dezan".

HERRI URRATS EiTB

Bingen Zupiria, Senperen. Argazkia: EiTB

Aldarrikapenak

Aurtengorako aukeratu duten leloa '(H)aizu!' da. Lehenik, Iparraldeko ikastoletako ikasleek Baxoa —Hegoaldeko selektibitatearen antzekoa— euskaraz egin ahal izatea eskatu nahi dute. Bigarrenik, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu nahi dute: euskaraz bizitzea, zerbitzu publikoak euskaraz izatea eta lan munduan euskaraz aritu ahal izatea. Hirugarrenik, ikastolak eraikitzeko ardura bere gain har dezala eskatu diote sortu berri den Euskal Elkargoari. Azkenik, Seaskaren aldarrikapena babesteko eskatu diete Euskal Herriko herritar guztiei.

Jai horretarako egin duten abestiari dagokionez, Amets Arzallusek idatzi du letra eta Ken Zazpik jarri dio musika.

Herri Urratsen bildutako dirua Baionan lizeo berria eraikitzeko bideratuko du Seaskak; izan ere, 10 milioi euroko inbertsioa egiten ari dira Baiona iparrean. Bertan, Bernart Etxepare Lizeo berria, lanbide heziketa euskaraz eskainiko duen lehen gunea, eta barnetegia eraikitzen ari dira.

HERRI URRATS EiTB

Euskaltzale ugari, Senperen. Argazkia: EiTB

Zazpi gune

Ibilbideak zazpi gune izan ditu, probintzia bakoitzeko bat.

Hala, Araban, Huntza, Xabaltx eta Holako Deluxe taldeak igo dira taula gainera.

Gipuzkoan, bertsolariak eta zuzeneko dantza emanaldiak izan dira, eta Lapurdin, Kontrabandaren zuzeneko ikuskizunaz gozatu ahal izan da.

Bizkaian, tirolina eta abentura ibilbidea jarri dituzte, eta Zoo, Ken Zazpi, Anje Duhalde, Zea Mays eta Ekintza taldeak igo dira oholtzara Nafarroan.

Xiberoan, haurrentzako txokoa atondu dute, eta Baxe Nafarroan, Erronkako probak egin dituzte.

 

EGITARAUA HERRI URRATS 2017

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Herri Urrats Iparraldea argazkiak Gizartea Gaurko azken ordukoa