Gizartea -

Bizkaia

Fiskalak kartzela eskatu du bi ertzainentzat legez kanpoko atxiloketagatik

Ertzainek "desobedientzia larria" leporatuta atxilotu zuten gizon bat, eta falta bat besterik ez zela izan uste du Fiskaltzak.

Epaiketa, Bizkaiko Auzitegian. Argazkia: EiTB
Epaiketa, Bizkaiko Auzitegian. Argazkia: EiTB
Epaiketa, Bizkaiko Auzitegian. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko lurralde auzitegian epai zain geratu da legez kanpoko atxiloketagatik 4 ertzainen kontra egin den epaiketa. 2015ean, desobedientzia delitu larria leporatuta atxilotu zuten gizonezko bat Bilbon, 10 orduz. Gizonak berak salaketarik ez zuen jarri, baina fiskaltzak irizten dio atxilotuak eginikoa ez zela delitua, eta beraz, atxiloketa legez kanpokoa izan zela.

Fiskalak bi ertzainentzako espetxe eskaria mantendu du, eta laurentzat eskatutako inabilitazio eskariei eutsi die.

Atxiloketa egin zuten bi ertzainentzat espetxe zigor eskaririk ez, baina bosna hilabeteko isuna eta 9 urteko inhabilitazioa eskatu ditu fiskalak, atxilotu gabe zigor administratibo bat nahikoa zela iritzita.

Komisaldegian instrukzioaren ardura zuten ertzainentzat, berriz, urte baten bueltako espetxe zigorrak, eta 4 eta 5 urteko inhabilitazioak eskatu ditu. Hauen kasuan, atxiloaldia 10 ordura luzatzeagatik.

Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du. Epaiketan frogatutzat jo du, atestatu idatzian akatsa egonagatik, atxilotuaren jarrera desobedientzia larria izan zela. Edozein kasutan, defentsak esna du ertzainek ez zutela nahita atxiloketa bidegabe bat egiteko asmorik izan.

2015eko irailean izan ziren gertakariak Bilbo erdigunean. Gizonezkoa ertzainengana gerturatu zen, dantzaleku batetik bota zutela salatzera, eta ordaindua zuen 10 euroko sarrera berreskuratzen lagun ziezaioten eskatuz. Ertzainek ezetz esan zioten, ezin zutela euren lana horregatik utzi. Baina gizona tematu egin zen.

Une batean errepidean etzan ere egin zen gizonezkoa, eta atxilotu egin zuten. Hurrengo goizean utzi zuten aske.

Gizonak onartu du astun jarri zela, baina esan du lurrera bultza egin ziotela.

"Ertzainek hamar aldiz pentsatuko dute jardun aurretik"

Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuen arabera, gaur bezalako epaiketekin herritarren segurtasuna kaltetzea besterik ez dute lortuko, izan ere, ertzainek "hamar aldiz pentsatuko dute" haien laguntza beharrezkoa den gertaera baten aurrean jardun aurretik. Hala, epaiketa bertan behera geratzea eskatu dute, haien esanetan, "zentzugabea eta neurriz kanpokoa" baita.

ErNE, ESAN, Sipe, CCOO eta Euspel sindikatuak Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean bildu dira, asteazken honetan epaitzen dituzten lau lankideei "babesa eta elkartasuna adierazteko". Halaber, mota horretako epaiketen aurrean sindikatu guztiek bat egiten dutela nabarmendu du Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak.

Bere esanetan, ezohiko gertaera konplexu baten harira epaituko dituzte lau ertzainak, "ustez mozkor zegoen gizonezko batek irainak jaurti ostean".

 

Hainbat ertzain, lau agenteren aurkako epaiketaren kontrako protestan
Hainbat ertzain, lau agenteren aurkako epaiketaren kontrako protestan
Hainbat ertzain, lau agenteren aurkako epaiketaren kontrako protestan

 

Beste alde batetik, Eneko Urkijo Esan sindikatuaren idazkari nagusiak ohartarazi duenez, "neurriz kanpoko epaiketa" hauek direla eta ertzainek "hamar aldiz pentsatuko dute" gertaera batean jardun aurretik.

"Neurriz egindako jarduna dela eta bost urteko kartzela-zigorra eskatzen badute, ez dakigu zer gertatuko den ezohiko gertaeren aurrean laguntza eskatzen digutenean", esan du Eneko Urkijok. Ondorioz, herritarren segurtasuna nabarmen kaltetuko dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Ertzaintza Bizkaia Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea