Gizartea -

Epaiketa Bilbon

Zornotzan polizia ohi bat kolpeka hil omen zuen gizona: 'Burua galdu nuen'

Biktimak mehatxu egin ziola esan du, eta hark pistola bat zeukanez, bere burua defendatzeko jo egin zuela zehaztu du, polizia ohia hiltzeko inolako asmorik ez zuela azpimarratuta.

Gertakaria ortu-gune batean jazo zen. Argazkia: EFE
Gertakaria ortu-gune batean jazo zen. Argazkia: EFE
Gertakaria ortu-gune batean jazo zen. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak gizon baten aurkako epaiketa abiatu du gaur, ostirala, 2015ean Zornotzan polizia ohi bat kolpeka hil izana egotzita biek Bizkaiko herri horretako ortu batean izan zuten borrokan.

Herri epaimahaiko kideak hautatu ondoren, epaiketa akusatu bakarraren deklarazioarekin hasi da, eta, aurreikusi dutenez, ahozko epaiketan beste bost saio gehiago egingo dira; maiatzaren 29ra arte, hain zuzen.

Akusatuak esan du biktimak mehatxu egin ziola, eta hark pistola bat zeukala bazekienez, jo egin zuela bere burua defendatzeko. "Burua galdu nuen", azpimarratu du. Gizonezkoa lurrean botata zegoela buruan ostikadak eman zizkion gogoratzen ez duela erantsi du.

Epaiketan urduri agertu da eta uko egin dio akusazioak egindako zenbait galdera erantzuteari. Damututa dagoela adierazi du eta hildakoaren familiari egindako ordaintzeko prest dagoela nabarmendu du.

Gertakariak jazo aurretik alkohola eta drogak kontsumitu zituela esan du.

Hilketa 2015ko irailaren 17an gertatu zen, Zornotzako Zubizabal auzoan.

"Hiltzeko asmoz jo zuen"

Akusazioak, berriz, bestelako dio: biktimaren ortura joan zela, hura hiltzeko asmoz. "Ukabilkada eta ostiko ugari eman zizkion aurpegian eta buruan, eta kolpe horien ondorioz hil zen".

Horrenbestez, akusazio partikularraren abokatuak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, azpikeriaz egindako hilketa egotzita. Horrez gain, biktimaren familiarengana 35 urtean ez hurbiltzeko agindua ezartzea galdegin du, baita ia 300.000 euroko kalte-ordaina ematea ere, alargunari eta haren seme-alabei.

Bigarren aukera moduan, 15 urteko espetxe-zigorra eta 25 urteko urruntze-agindua eskatzen du, homizidioa leporatuta. Bi kasuetan, baina, baldintza bat jarri du: zigorraren erdia beteta izan arte, espetxeko hirugarren gradua ez ematea.

Abokatuaren esanetan, akusatuak ezustean harrapatu zuen Antonio 61 urteko polizia erretiratua, hura hiltzea zelako bere asmoa. Bi familiek hainbat liskar izan zituzten aurretik, salaketak jartzeraino, eta abokatuaren arabera, akusatuak esana zuen Antonio hil egin zuela.

"Haren bila joan zen. Antoniok ez zuen defendatzeko aukerarik izan. Kolpe ugari eman zizkion aurpegian eta buruan. Azpikeriaz eta asmo txarrez egin zuen, hiltzea zelako bere asmoa", azpimarratu du abokatuak.

Ministerio Publikoak, ostera, homizidioa izan zela uste du eta 13 urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuarentzat. Alabaina, epaiketan azpikeriaz egin zuela frogatzen bada, hilketa leporatuko diotela zehaztu du.

Defentsak ukatu egin du nahita hil zuela

Bestalde, defentsak akusatuaren testigantza berretsi du. Biak "kasualitatez" topatu zirela esan du, eta polizia ohiak bere arma ateratzeko keinua egin zuenean, akusatuak jo egin zuela, bere burua defendatzeko asmoz. "Eta une horretan burua galdu zuen", erantsi du.

Horrenbestez, bidezko defentsa eta erotasun aringarriak aplikatzea eskatu du.

Era berean, abokatuak azpimarratu du akusatua "pertsona normala" dela eta biktimaren familiarengandik "erabateko jazarpena" jasaten zuela. Horrek bere jarreran eragin zuela gaineratu du.

Akusatuak berak ere esan du ez zuela inolako arazorik biktimarekin. "Elkarrekin joaten ginen arrantzan; ez nire asmoa minik ematea", adierazi du.

Akusatua urduri egon da epaiketan eta akusazio partikularreko abokatuak hitz egiten zuen zenbait unetan kolpeak eman ditu mahaian. Epaileak arreta deitu behar izan dio, lasaitzeko eskatuz.

Epaiketaren hurrengo saioa astelehenean izango da. 30 bat lekukok deklaratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Zornotza Delituak argazkiak Epaiketak Eguneko albisteak Erailketak Eguneko albisteak