Gizartea -

Gasteiz

Gazte Emantzipaziorako Sareak etxebizitza gehiago okupatuko ditu, Gasteizen

Plataformak salatu du gazteei etxebizitza bat izateko eskubidea ukatzen zaiela eta arazo honen aurrean alternatiba bakarra okupazioa dela azpimarratu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela egun batzuk eman zuen Gorka Urtaran alkateak Errekaleor auzo autogestionatutako eraikinak behera botatzeko agindua. 150 lagun baino gehiago bizi dira auzo horretan eta polemika handia piztu da Gasteizen.

Gaur, Gazte Emantzipaziorako Sareak agerraldia egin du eta proiektu autogestionatu berriak iragarri ditu. Duela hilabete inguru Udalaren jabetzako hiru etxebizitza eraikin okupatu zituzten Alde Zaharrean.

"Ekintza hura, datorrenaren adibide bat baino ez zen izan; laster jakinaraziko ditugu proiektu okupatu eta autogestionatu berriak", iragarri dute.

Plataforma honen bozeramaileek salatu dute "gazteei etxebizitza bat izateko eskubidea ukatzen" zaiela eta horren erakusgarri jarri du maiatzaren 18an Errekaleor auzo autogestionatua argi barik utzi izana.

"Eskubide batekin ari dira espekulatzen eta arazo horren aurrean okupazioa da irtenbide bakarra", nabarmendu dute.

Alde Zaharrean okupatu zituzten etxeei dagokionez, gogoratu dute "sei urtetan hutsik" egon direla eta orain "gazteek kudeatzen" dituztela.

Plataformak uste du aipatu okupazioak nahiz Errekaleorreko proiektuak agerian utzi dutela "etxebizitza baterako eskubidea ukatuta duten herritarrei laguntzeko mugimendu berri bat jaiotzen ari dela".

"Okupazioaren bidez eskuratuko dugu eskubidez dagokiguna. Botatzen bagaituzue, beste etxe bat okupatuko dugu eta gutako norbait kolpatzen baduzue, guztiok kolpatuko gaituzue", ohartarazi dute.

Gasteizko Udalaren eta alderdi politikoen jarrera ere kritikatu dute, oraindik eurekin harremanetan jarri ez direlako. Horrela bada, elkarrizketarako lehen urratsa eurak ematea aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Araba Gizartea Gasteiz Eguneko albisteak Etxebizitza gaur Gaurko titularrak