Gizartea -

Genero Indarkeria

‘Erreko ninduela pentsatu eta nire burua leiho batetik bota nuen’

Horixe azaldu du indarkeria matxistaren biktima batek Donostian bere bikotekide ohiaren kontra astelehen honetan hasi den epaiketan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Hauxe pentsatu nuen: Pizgailuarekin ukitzen baldin banau, goitik behera erreko naiz. Orduan, bertatik ihesi atera eta nire burua leiho batetik bota nuen”, azaldu du indarkeria matxistaren biktima batek Donostian bere bikotekide ohiaren kontra astelehen honetan hasi den epaiketan.

Fiskaltzak eta akusazio partikularraren abokatuak bederatzi urteko kartzela-zigorra eskatzen dute gizonezkoarentzat. Tratu txarrak emateagatik lau delitu leporatzen dizkiote, beste bat irainengatik eta beste bat legez kanpoko atxiloketa delitua egotzita.

Emakumeak azaldu duenez, 2015ean hasi zen haren kalbarioa. Auzipetutako gizonarekin urtebete bikote moduan igaro ostean, jeloskor ipintzen hasi zen, eta, egunek aurrera egin ahala, emakumeari mehatxu eta eraso egin zion. Gainera, beste pertsonekin harremanetan jartzea debekatu zion, eta sare sozial ezagun batean zituen ‘lagun’ guztiak ezabatzera derrigortu zuen.

Epaimahaiaren aurrean azaldu duenez, 2015eko urriaren 13an egin zion eraso larriena. Biak bakarrik auzipetutako gizonaren etxean zeudela, sexu-harremanak izateari uko egin zion emakumeak. Une horretan, gizona “zoratu” egin zen; neska iletik hartu eta arrastaka eraman zuen etxeko pasillotik. Haren mugikorra leihotik bota zuen, eta emakumeak bere telefonoa berriro hartzea lortu zuenean, labana batekin apurtu zion.

Jarraian, komunetik behera bota zuen, eta neskak mugikorra hartzeko ahalegina egin zuenean, barruan sartu zion burua. Ondoren, bainuontziaren kontra bultzatu zuen.

Urtebete geroago, 2016ko otsailaren 27an, antzeko beste eraso bortitz bat egin ziola azaldu du emakumeak. Londresen egun batzuk igaro ondoren, gizona etxera bueltatu zen aurretik ezer esan gabe. Gaua elkarrekin igarotzeko asmoz hurbildu zen harengana, baina horren amak uko egin zion.

Emakumeak gizonaren kontrako salaketa bat jarri zuen, eta epaile batek urruntze-agindua ezarri zion erasotzaileari. Alabaina, martxoaren 13an topo egin zuten kalean, eta berarekin etxera joateko konbentzitu zuen gizonak. Neskak esan duenez, une horretan, atea giltzapetu zuen, eta, “izututa” alde egin nahi zuela esan arren, bere borondatearen kontra etxe barruan jarraitu behar izan zuen.

Emakumearen hitzetan, gizonak sexu-harremanak izan nahi zituen berarekin, eta, ezetz esan zionean, “haren emakumea” zela eta aurrerantzean “berarekin” egongo zela erantzun zion. Orduan, besoetatik gogor hartu eta lekuan bertan biluztu egin zuen.

Ondoren, telefono mugikorra hartu eta bideoz grabatu zuen. Aldi berean, bost euroko billete batean bihotz bat marraztera derrigortu zuen, eta, jarraian, pizgailu batekin su eman zion diruari.

“Pizgailuarekin su ematen badit, goitik behera erreko nau, pentsatu nuen. Ez dut gogoratzen nola egin nuen, baina ihes egitea lortu nuen. Inguruan nuen guztia bota eta bere anaiaren logelako leiho batetik nire burua bota nuen. Erreko ninduelakoan oso beldurtuta nengoen”, esan du neskak. Biluzik, beheko bizilagunaren terrazara erori zen. Orduan, laguntza eskatu zion, bikotekide ohiak “hil” nahi zuelako.

Polizia handik gutxira hurbildu zen, emakumearen amak gertatutakoaren berri eman baitzien, neskarekin hitz egitea lortu ostean.

Gizonaren esanetan, urruntze-agindua ezarri ostean neskarekin etxera joan zenean, atea giltzapetu zuen, baina ez zion bertan egotera derrigortu. Antza denez, sexu-harremanak izan ostean berarekin haserretu zen, ez ziolako ahoan musurik eman nahi izan.

Halaber, bost euroko billetea nahi gabe erre zuela ziurtatu du, zigarro bati su eman ostean. Auzipetuak esan duenez, neskak alde egin zuen, eta hamar minutu igaro ondoren, logela bateko leihoa irekita zegoela ohartu zen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Tratu txarrak EAE albisteak Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Albisteak