Gizartea -

Indarkeria matxista

9 urteko zigor-eskaera, Irunen neska bati eraso egin zion gizonarentzat

Biktimak bere burua leihotik bota zuen, akusatuak su emango ziola pentsatuz. Erasotzaileak urruntze-agindua zuen. Fiskaltzak 9 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 9 urteko zigor-eskaera berretsi du Irunen emakume gazte bati eraso egin zion gizonezkoarentzat. Akusatuak su emango ziola pentsatuz, beldurtuta, biktimak lehen solairuko leiho batetik behera salto egin zuen. Erasotzaileak urruntze-agindua zuen.

Ministerio Publikoak bere ondorioetan aldaketa txiki batzuk egin ditu, baina hasiera batean eskatutako zigorra galdegin du gizonezkoarentzat.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aringarritzat onartu dute akusatuak buruko arazoak izatea (bipolarra da). Alabaina, bi aldeek hainbat delitu leporatzen dizkiote: tratu txarrak ematea, legez kanpo atxiloketa eta urruntze-agindua urratzea.

Bestalde, defentsak aitortu du tratu txar eta behartze delituak izan direla, baina akusatuak buruko arazoak dituenez, zigorra psikiatriko batean bete dezala eskatu du, tratamenduarekin jarrai dezan. Atxilotu zutenetik psikiatrikoan dago.

Epaitutako gertakariak 2015 eta 2016 urteetan jazo ziren. Biktimak tratu txarrak eta irainak jasan zituen. Eraso larriena 2016ko martxoan izan zen. Bien arteko harremana amaituta, akusatuak urruntze-agindua urratu eta etxera laguntzeko konbentzitu zuen neska.

Atea giltzarekin itxi ostean, sexu-harremanak izatea proposatu zion, baina emakumeak ezetz esan zion. Une horretan, indarkeriaz biluztu egin zuen eta bere izena eta bihotz bat bost euroko billete batean idaztera behartu zuen.

Billetea metxero batekin erretzen saiatu zen, dena sakelako telefonoarekin grabatzen zuen bitartean. Bikotekide ohiak su emango ziola pentsatu zuen neskak eta, izututa, leihotik beheko solairuko patiora salto egin zuen.

Epaiketa gaur amaitu da Gipuzkoako Auzitegian. Azkeneko saio honetan emakumeak jasandako tratu txarren lekuko izan diren ertzain ezberdinek deklaratu dute. Horietako batzuk gogoratu dute akusatuak eraso egin ziela hura atxilotzera joan zirenean. Guztira, hiru aldiz izan da atxilotua azken urteotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea bideoak Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa