Gizartea -

Ingurumenaren Mundu Eguna

Itsas ingurumena babestea du helburu NBEk, Trumpen mehatxuaren aurrean

Ozeanoei buruzko Konferentzia hasiko da astelehen honetan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, New Yorken.

Bartzelonako udal langile bat hondartzara heldutako plastikoak biltzen. EFE
Itsasora botatako plastikoak. EFE
Bartzelonako udal langile bat hondartzara heldutako plastikoak biltzen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsas ekosistema eta baliabide urrien inguruko gogoeta eta eztabaida izango da gaurtik aurrera Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatutako Ozeanoei buruzko Konferentzian. Egun seinalatua aukeratu dute konferentzia abiatzeko: Ingurumenaren Mundu Eguna. Unea, agian, ez da egokiena, ingurumena ataka gaiztoan baitago Donald Trump AEBko presidenteak Parisko Akordiotik irtengo zela iragarri zuenetik.

Suediak eta Fijik bultzatutako hitzordua gaur hasi eta ekainaren 9ra arte izango da NBEk New Yorken (AEB) duen egoitzan. Gobernuburuak, erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak eta zientzialariak izango dira bertan.

Konferentziak hainbat helburu ditu, itsas kutsadura murrizteko neurri zehatzak adostu eta martxan jartzea eta ozeanoak eta itsasoak modu jasangarrian erabiltzeko konpromisoak hartzea, besteak beste. 2015ean NBEko 193 estatukidek Agenda 2030 itunean zehaztutako 14. artikulua betetzeko pausoak ematen ere saiatuko dira.

"Arnasa hartzen duzun bakoitzean, ozeanoetatik datorren oxigenoa arnasten duzu. Ozeano osasungarriak izan ezean, arazo larria izango genuke (...), gure bizitzaren iturri dira", esan du Peter Thomson NBEko presidenteak konferentzia aurkezteko agerraldian.

NBEren arabera, gizakiak sortutako karbono dioxidoaren % 30 xurgatzen dute ozeanoek, eta, hortaz, ezinbesteko dira berotze efektua murrizteko.

Besteak beste, honako gaiak izango dituzte aztergai konferentzian: itsasora botatzen diren hondakin plastikoen auzia —horien erruz, 100.000 ugaztun hiltzen dira urtero—, itsas mailaren handitzea eta klima aldaketak ekosistema urtarretan dituen ondorioak.

1972tik ospatzen da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Gizakiaren eta naturaren arteko lotura estutzea du xede egun honek, bien arteko armoniak onura ekarriko duelakoan. Kanada aukeratu dute aurten herrialde anfitrioi, "Natura pertsonekin konektatu" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak NBE bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Larrialdi klimatikoa albisteak EAEko kutsadura gaur