Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Sexu-erasoen aurka, emakumezkoak eta gizonezkoak biltzeko kanpaina

Nafarroako Gobernuak "zeuen ezetza geurea ere bada" leloa erantsi du kartelean, sexu-erasoen kontrako borrokan gizonezkoak inplikatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaietan izan ohi diren sexu-erasoen eta jazarpenaren kontrako kanpaina jarri dute abian Nafarroan.

Aurtengo kartelak bi goiburu izango ditu: "Ezetza ezetz da" eta "Zeuen ezetza geurea ere bada". Bigarren leloarekin gizonezkoen inplikazioa lortu nahi dute eraso sexisten aurkako borrokan.

Nafarroako Berdintasun Institutuak gaur aurkeztu du udalekin eta kontzejuekin elkarlanean landu duen "Eta jaietan, zer?" izeneko kanpaina.

Aurkezpenean komunikabideek indarkeria matxistari lotutako albisteen berri ematerakoan jokatzen duten paperaz ere aritu dira.

Aurtengoan, bi goiburu sartu dituzte kartelean, emakumeek ez ezik, gizonezkoek ere beren jarrera adieraztea ezinbestekoa dela iritzita. Horrela bada, irudian jatorri ezberdinetako emakumezkoak eta gizonezkoak ageri dira, baita ezgaitasunen bat dituzten pertsonak ere, "horiek baitira arrisku gehien dutenak".

Emakumeen kontrako erasoak udan areagotu egiten dira, tokian tokiko festa gehienak garai horretan izaten direlako  eta jaietan jarrera matxistak "normaltasun gehiagoz" onartzen direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Nafarroa gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua