Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarriko dute gaur arratsaldean euriteengatik

15:00etatik 00:00etara egongo da indarrean, ordubetean metro koadroko 15 litro inguru pila daitezke eta.

EFE
EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du gaur, 15:00etatik 00:00etara lurraldearen barnealdean prezipitazio handiak espero baitira. Arratsaldean, hodeiak ugarituz joango dira, eta han-hemenka zaparrada ertainak eta trumoitsuak espero dira. Zenbait tokitan, zaparrada handiak izan daitezke, eta txingorra ere egin dezake, bereziki ekialdean.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke. Hala, egunak aurrera egin ahala, eguraldiak txarrera egingo du, eta txingorra ere egin dezake. Haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin mendi inguruetan, bereziki ekialdean. Arratsaldean, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogor batzuekin kostaldean.

Asteburuari begira, ostiralean, zerua hodeitsu egongo da tarteka, bereziki isurialde atlantikoan eta egunaren lehen zatian. Isurialde atlantikoan baliteke goizean zehar han-hemenka euria egitea. Zenbait tokitan, prezipitazio ertainak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki ekialdean. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da. Halaber, tenperatura minimoetan ez da aldaketarik espero, edo gutxi jaitsiko dira. Bestalde, tenperatura maximoei dagokienez, nabarmen edo asko jaitsiko dira isurialde atlantikoan.

Hurrengo egunean, larunbatean, lanbroa eta lainoa sortuko dira goizean. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da arratsaldean, bero-hodei batzuekin barnealdean. Eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, baina arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituko da, kostaldean batez ere. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira.

Igandean ere, lanbroa eta lainoa sortuko dira goizean goiz. Hala ere, zerua hodei gutxirekin egongo da arratsaldera arte, isurialde atlantikoan behe-hodeiak agertuko baitira. Eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, eta arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da, tarte biziekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, eta maximoak nahikoa jaitsiko dira kostaldean eta berdin jarraituko dute gainerako tokietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa