Gizartea -

Donostia

Antigua auziko forentseak ez datoz bat euren interpretazioetan

Auzitegi Medikuntzako Institutuko kideek gertagarritzat jo dute istripuaren hipotesia; aldiz, defentsaren perituak posible ikusten du hilketaren aukera.

Forentseek oso iritzi ezberdinak Julenen heriotzaren inguruan

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Miguel Querejeta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Patologiako Zerbitzuko buruak gaur planteatu duenez, Donostiako Antigua auzoko etxe batean 2011. urtean labankadaz hilda aurkitu zuten 13 urteko mutikoari gertatutakoan "ez dago hilketa zantzurik".

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian umearen aitaren aurka egiten ari diren epaiketaren bosgarren egunean forentseen txanda izan da. Umearen aitari semea hil izana leporatzen diote, baina hark ukatu egin du eta errugabetzat jo du bere burua. Bere esanetan, gertatutakoa istripu bat izan zen, uste baitu adingabeak, labana batez itsulapiko bat irekitzen ari zela, bere burua sastatu zuela.

Gipuzkoako Fiskaltzak 18 urteko kartzela-zigorra eskatzen ari da prozesatuarentzat; emazte ohi eta hildakoaren amak, berriz, 20 urte eskatu ditu. Bestalde, defentsak akusatua libre uzteko eskaria egin du.

Horrenbestez, Querejetak bere lantaldea osatzen duten beste bi forentseen bozeramaile lanak egin ditu, eta bere agerraldian adierazi duenaren arabera, "gaur gaurkoz" hipotesirik "gertagarriena" istripuarena da, hau da, adingabeak bere burua sastatu zuela itsulapikoa zabaltzeko saiakeran, baina suizidioaren aukera baztertu gabe.

Forentsearen iritziz, "ez dirudi", baina ez da "baztertzekoa" adingabearen aitak labana sastatu izana, akusazio partikularrak eta Fiskaltzak defendatzen duten legez, ez baita "defentsarako berezko mugimendurik" antzematen umearen gorpuan, zeinak "mugitzeko ahalmena" zeukan zaurituta egon arren, "ezta bihurdura mugimendurik ere".

Aitzitik, Paco Etxeberria forentsearen aburuz, "posiblea" da hilketaren hipotesia, oso arrarotzat jo du suizidioa eta ez du gertagarritzat hartu istripua jazo izana.

Modu horretan, Etxeberriaren azalpenek, zeinak akusazioaren peritu gisa deklaratu duen, ez dute bat egiten Querejetak aurretik agertutako argudioekin.

Etxeberriak egindako interpretazioaren arabera, adingabearen heriotza suizidioa izan zitekeen, baina "oso arraroa" izango litzatekeela, eta ezinezkotzat jo du istripu bat gertatu izana itsulapikoa labanaz saiatzen ari zen unean. Alabaina, nabarmendu duenez, "ez dio ezerk oztopo egiten" hilketaren aukerari, hau da, "posible" irizten diola bere aitak arma zuria sartu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa Epaiketak argazkiak Gizartea albisteak Albisteak