Gizartea -

San Diego

Nafar bat 40 egunez egon da preso AEBn, 2011n Siriara joan zelako oporretan

Leandro Perez Cadarso senide batzuekin joan zen Siriara oporretan, eta AEBn sartzeko bisatua errefusatu zioten hori jakinarazi zuelako. Hala ere, sartzen saiatu zen, eta orduan atxilotu zuten.

Leandro Perez Cadarso. Argazkia: Efe
Leandro Perez Cadarso. Argazkia: Efe
Leandro Perez Cadarso. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leandro Perez Cadarso 32 urteko arkitekto nafarra atxilotu eta 40 egunez izan zuten preso AEBn, bisatua eskatu zuenean duela sei urte Sirian oporretan izan zela jakinarazi zuelako.

Perez gaur egun Iruñean dago eta master bat ikasten ari da Errioxako Unibertsitatean, baina duela lau urte Mexikora joan zen lan bila.

Mexikon zegoela, aurreko apirilaren 23an, egun batzuk libre zituen, eta muga pasatu eta San Diego AEBko hirira joatea erabaki zuen.

Bisatua lortzeko galdetegia Internetez egin zuen, eta ohartu zen galdera batzuk aldatu egin zirela Trumpen administrazioaren eraginez. Hala, galdera batean erantzun zuen Sirian egona zela, 2011n joan zela oporretan Siriara eta Libanora gurasoekin, arrebarekin eta izebarekin.

Automatikoki, ordenagailuan ohar bat agertu zitzaion bisatua errefusatua izan zela jakinarazteko. Dena dela, Perezek, hegaldia eta alojamendua ordainduta zituenez, muga pasatzea erabaki zuen, okerrena sartzen ez uztea izango zelakoan.

Baina San Diegoko aduanara iritsi zenean, gela batean sartu eta eskuburdinak jarri eta atxilotu egin zuten. 72 orduz egon zen bertan atxilotuta, beste atxilotu batzuekin batera.

Ondoren, laranjaz jantzi eta hankak eta eskuak lotuta, Calexicoko espetxera eraman zuten.

"Zure burua horrela ikusten duzunean, Guantanamoko presoekin oroitzen zara, oso galduta eta ahaztuta daudela, eta horrek beldur handia ematen du, bereziki ez dakizulako zer leporatzen dizuten", Perezek azaldu duenez. Narkotrafikatzaileren baten izen bera zuelako edo norbaitek motxilan droga sartu ziolako atxilotu zutela ere pentsatu omen zuen.

Perez ekainaren 1ean itzuli zen Euskal Herrira, eta ezingo du AEBra joan datozen bost urteetan. Horrek "izorratu" egiten du gazte nafarra, ezer txarrik egin ez zuelako, baina ez du bertara joateko inolako asmorik, preso egon eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Nafarroa Ameriketako Estatu Batuak Gizartea albisteak Eguneko albisteak