Gizartea -

Ika-mika

Ilara luzeak bigarren egunez, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan

Ordezkapenak egiteko zerrendetan izena emateko azken eguna da gaur. Izen-ematearen hurrenkeraren arabera osatuko dituzte zerrendak, eta horrek haserrea eragin du hezitzaileen artean.

Ehunka irakaslek eman dute gaua, berriz, Haurreskolak Patzuergoaren aurrean

1:34

Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haserrea eragin du Haurreskolak Partzuergoak ordezkapenak egiteko zerrendak osatzeko premiaz egin duen deialdiak. Bi egunez egongo da zabalik, atzo eta gaur. Merituei erreparatu beharrean, baina, hautagaiak erregistroa egiteko hurrenkeraren arabera deituko dituztenez, ilara luzeak sortu dira bi egunetan Partzuergoak Eibarren (Gipuzkoa) duen egoitzan. Astelehen gaua bertan eman zuten ehunka hezitzailek, eta bart ere gauza bera egin dute beste hainbestek.

Sei urtez itxita egongo dira Haurreskolen zerrendak, baina ordezkapenak betetzeko arazoak eduki ditu Partzuergoak azkenaldian, eta, hori dela eta, ekainaren 12an berriro zabalduko zituela iragarri zuen, ezustean.

Atzo 1.000 bat hezitzailek lortu zuten zerrendetan izena ematea. Gaur 300 bat pertsona egon dira zain.

Ordezkapenak egiteko erabakitako irizpidearekin kexu dira hezitzaileak. Horien ustez, gainera, presaka egin da deialdia, eta "goizeko ordutegian eta bi egunetarako bakarrik". Horrez gain, salatu dutenez, Partzuergoak Eibarren duen egoitza hirigunetik urrun dago, eta hara iristeko dauden garraiobide publikoak urriak dira.

ELA eta STEILAS sindikatuek gogor kritikatu dute neurria. Lehengoak ohar bidez adierazi duenez, "onartezina eta inprobisatua" da Partzuergoaren erabakia, eta langileei salaketa jartzeko eskatu die "berdintasun printzipioa" urratzen duelako. STEILASen iritzian ere, "negargarria" da jazotakoa, eta "langileekiko errespetu falta itzela" dela deritzo. Ordezkapenak izen-ematearen hurrenkeraren arabera betetzea proposatu zuen LAB sindikatuak, baina Partzuergoari "aurreikuspen falta" aurpegiratu dio. Lorea Igartua LABeko Haurreskolen ordezkariak Euskadi Irratiari esan dionez, "ez da bidezkoa kudeaketan dauden akatsak LABen bizkar gainean uztea".

Kritika horien aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ukatu egin du aurreikuspen falta izatea. Bertatik azaldu dutenez, deialdia egin aurretik, 500 hautagaiko zerrenda zuten ordezkapenak egiteko, baina horiei deitzen hasi zirenean ohartu ziren zerrenda horretatik 20 bat bakarrik zeudela ordezkapenak egiteko moduan. Hala, urgentziazko neurri gisa, zerrendak irekitzea erabaki zuten, baina hurrenkeraren araberako irizpide hau ikasturte hau bukatu arte egin beharreko ordezkapenetarako bakarrik erabiliko da. Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergoko kudeatzailearen hitzetan, udara begira ezinezkoa da merituen araberako zerrenda osatzea, baremazioak egiteko denbora gutxi dagoelako. Datorren ikasturtetik aurrera, baina, merituen araberakoa izango da zerrenda, horren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eibar albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024