Gizartea -

Ezbeharra

Hiru nerabe zauritu dira Getxon, 3,5 metroko altueratik erorita

Azkorri ikastetxeko hiru neskato zauritu dira. Horietako bi ospitalean daude, burezurreko traumatismoarekin. Hirugarrenari, berriz, alta eman diote jada.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru nerabe zauritu dira gaur goizean Getxon, udaletxe aurreko metalezko baranda bat askatu, eta 3,5 metro inguruko altueratik jausita. Azkorri ikastetxeko ikasleak dira.

Horietako bi ospitalean daude, burezurreko traumatismoarekin. Hirugarrenari, berriz, alta eman diote jada.

Istripua 11:15 aldera gertatu da, hainbat ikastetxetako neska-mutikoak sari banaketa batean parte hartzen ari zirela.

Getxoko Udalak azaldu duenez, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, metalezko baranda bat askatu da eta Azkorri ikastetxeko hiru neskak 3,5 metroko altueratik erori dira.

Larrialdi Zerbitzukoek udaletxean bertan artatu ondoren, erietxetara eraman dituzte, hainbat traumatismorekin.

Osakidetzak emandako datuen arabera, 15 urteko gaztea Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Burezurreko traumatismo arina du, baina haren pronostikoa erreserbatua da.

Ezbeharrean zauritu den 13 urteko ikaslea ere Gurutzetako Ospitalean dago, burezurreko traumatismo arina dauka eta ezkerreko hankan ubeldurak ditu. Egonkor dago eta orain arte egindako frogen emaitzak normalak izan dira.

Hirugarren nerabea, 13 urtekoa, Urdulizko erietxera eraman dute, orkatilak minduta. Hanketan ubeldurak ditu, baina ezer hautsita ez duela egiaztatu ostean, alta eman diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea Gaurko azken ordukoa Umeak albisteak gaur