Gizartea -

Ekainak 18

Milaka lagunek bat egin dute Bastidan Araba Euskaraz jaiarekin

Igande honetan bero handia egin duen arren, ehunka euskaltzalek bultzada eman diote Bastidako ikastolari eta baita euskarari ere, Arabako ikastolen aldeko jaian.

Araba Euskaraz 2017
Araba Euskaraz 2017
Beroa gorabehera, euskaltzaleek Bastida hartu dute gaur

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldia lagun izanda, milaka pertsona hurbildu dira Bastidara igande honetan, Arabako ikastolen aldeko jaiarekin bat egiteko eta egun osoan zehar adin guztientzako antolatu dituzten jarduera desberdinetan parte hartzeko asmoz. Arabako Errioxako herri horretan tenperatura altuak jaso dira goizean.

Aurtengo irudian suziri bat agertzen da, WOW! hitzarekin batera. Izan ere, Araban ikastola eta euskara etengabe goraka doazela azpimarratu nahi dute Bastida Ikastolako arduradunek. Helburu nagusia euskara babestea eta aurrera jarraitzeko bultzada ematea da.

Irekiera ekitaldian Eusko Jaurlaritzako ondorengo sailburuak izan dira: Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Estefania Beltran de Heredia, Segurtasun sailburua; Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua; eta Maria Jesus San Jose, Lan eta Justiziako sailburua.

Gainera, Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Pedro Elosegui Batzar Nagusietako presidentea bertan izan dira ere.

Arabako ikastolen aldeko jaia 10:00ak aldera hasi da, eta Bastida Ikastolako arduradunek egitarau zabala prestatu dute egun handirako: kontzertuak, tailerrak, dantzak edota puzgarriak ez dira falta. Antolatzaileek espazioarekin lotutako hiru gune prestatu dituzte, horietako bat umeentzat bereziki zuzenduta dagoena. Guztira, kilometro eta erdi inguruko ibilbidea prestatu dute, eta Bastidara hurbildu diren euskaltzale askok itzala bilatzen aritu dira, bero handia egin baitu Arabako Errioxan.

Euskara babestea helburu duten Herri Urrats edota Ibilaldia bezalako beste jaietan lortutako datuak errepikatu nahi dituzte Bastida Ikastolako antolatzaileek. Gainera, eguraldia lagun dute igande honetan.

Bastidan Arabako ikastolen jaia antolatzeko esperientzia dute, izan ere, bertan egin duten bosgarren Araba Euskaraz da aurtengoa.

“Hezkuntza-sistemak eta euskarak banatu ezin daitekeen binomioa osatzen dute”

Beste alde batetik, "hezkuntza-sistemak euskararen hedapenerako izan duen funtsezko zeregina" nabarmendu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak irekiera ekitaldian.

“Euskara, orain dela urte batzuk pentsaezina gertatzen zitzaigun esparru eta lekuetara hedatu da. Eta hori, beste inon baino hobeto dakizue Arabako Errioxan”, azaldu du Uriartek.

Ildo horretatik, “hezkuntza-sistemak eta euskarak banatu ezin daitekeen binomioa” osatzen dutela azpimarratu du Uriartek, eta, gero eta gehiago, eskola beste ezaugarri garrantzitsu batzuekin  ere lotzen dela gaineratu du.

“Gero eta gehiago, gure hezkuntza-sistema aniztasunaren sinonimo ere bada; eta bizikidetzarena;  gure hezkuntza-sistemak inklusibitatea esan nahi du; gizarte-kohesioa; ekitatea; eta  etorkizunerako ikasle guztiei aukera-berdintasuna eskaintzea”, esan du.

Etorkizuneko Hezkuntza Legea hizpide hartuta, berriz, eragile gutien arteko elkarlanerako eta adostasunak aurkitzeko deia egin du Hezkuntza sailburuak: “Elkarlana da bidea. Eta horixe da gure erronka, guztion erronka”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Araba Euskaraz albisteak Gizartea albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Bastida Euskararen Nazioarteko Eguna