Gizartea -

SUKARRIETA

Langile bat hil da Sukarrietan, itsasadarreko obretan ondoeza izan ondoren

LABek uste du beroaldiaren ondorioz hil dela langilea, eta salatu du ez dela kontuan hartzen eguraldiak lan baldintzetan ere eragina duela.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da Sukarrietan, Mundakako itsasadarraren hodi-biltzailea eraikitzeko lanetan ondoeza izan eta gero. LABek uste du beroaldiaren ondorio hil dela. URA agentziak azpikontratatuko Sukarrieta Saneamendua enpresako langilea zen.

URA agentziak zabaldu duenez, itsasadarreko hoditeria garbitzeko lanetan ari zela, 15:30ak aldera, ondoeza izan zuen beharginak. Berehala eraman zuten ospitalera, baina bertan hil zen.

Horren ildotik, LABek salatu du 15:30ak ez zela "une egokia" garbiketa lanak egiteko.

"Tenperaturak ere eragina du lan baldintzetan", ohartarazi du zentral abertzaleak. "Azken egunetan hedabide guztiek gogorarazi digute alerta egoeran (horia edo laranja) gaudela, baina ez da kontuan hartzen horrek ere lan baldintzetan eragina duela", gaineratu du.

LABek kritikatu egin du Osalanek "ezer esan ez izana", eta enpresa publiko batean "oinarrizko prebentzio neurriak" bete behar direla nabarmendu du. "Horretarako, baina, konpromiso politikoa behar da", esan du.

Osalanek ikerketa zabaldu du, langilearen heriotzaren arrazoiak argitzeko.

URA agentziak bere "atsekabea" adierazi du eta "doluminak" helarazi dizkio hildakoaren familiari.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute ostiralean, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gaurko albisteak Bizkaia Langile Abertzaleen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Albisteak Gaur Albisteak Zer gertatu da Mundaka herrian?