Gizartea -

Ekainak 23

Aholkuak eta badaezpadako neurriak, urteko gau magikoenean

Zein materialarekin egin behar den, nola piztu, nola zaindu, itzali, zer egin suarekin errez gero… Hemen topatuko dituzu San Joan bezperako suak direla eta hartu beharreko segurtasun neurri nagusiak.

Suarekiko distantzia: pilatutako materialaren altuera baino 5 bider handiagoa. Argazkia: Bilbo Udala
Suarekiko distantzia: pilatutako materialaren altuera baino 5 bider handiagoa. Argazkia: Bilbo Udala

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Joan eguneko bezperan, 2017ko ekainaren 23an, piztuko diren su andana dela eta, larrialdietarako zerbitzuek, erakundeek eta suhiltzaileek gomendio sorta bat zabaldu dute, sua nola erabili behar den azaltzeko.

Hala, hemen bildu ditugu 112 SOS Deiak-ek, Euskadiko Suhiltzaileen Erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako aholkuak, segurtasunaren ikuspuntutik:

Zer konprobatu behar da sua egin baino lehen?

Ezer egin aurretik, jakin behar da zein den materialik egokiena sua egiteko: egurra. Ez dira oihalak ez paperak erabili behar, haizeak erraz eraman baititzake, sua beste gune batzuetara zabalduz.

Suarekiko izan behar den distantzia, pilatutako materialaren altuera baino bost bider handiagoa izan behar da. Hau da, piztu baino lehen, bi metroko altuera baldin badauka, gutxienez hamar metrora kokatu beharko gara ikusteko.

Ingurua garbi egon behar da, hurbil material erregairik izan gabe.

Baldintza meteorologikoak kontuan hartu sua piztu baino lehen, bereziki haizea badabil.

Udalari jakinarazi egin behar zaio sua egingo dela, baimena behar baita.

Inguruan bizi diren auzokideek, SOS Deiak zerbitzuak gomendatzen duenez, leihoak eta balkoiak itxi behar dituzte, baita ere lehortzen jarritako arropa jaso.

Ez erabili erregairik sua pizteko (gasolina, alkohola…).

Sua piztuta dagoen bitartean?

Ez jaurti objektu toxiko edo sukoirik sutara, ezta horren ingurura ere. Spray, latak, zaborra, plastikoak… eta horren modukoek ke toxikoa sor dezakete.

Gutxienez, pertsona heldu bat egon behar da uneoro sua zaintzen.

Sua itzaltzeko materiala eduki behar da eskura, esaterako, ura duen mangera bat, hauts itzaltzaileak edo su-itzalgailuak.

Ez da suaren gainetik salto egin behar, ezta gehiegi hurbildu ere.

Sua egin ondoren, alde egin aurretik?

Txingar edo brasa oro itzali, ura, hondarra edo lurra erabilita.

Erabat itzalita dagoela baieztatu.

Suarekin errez gero zer egin behar da?

Suarekin erretzen bagara, erretako azala urarekin 15 minutuz bustitzea gomendatzen du Bizkaiko Foru Aldundiak. Adi, ezin da pomadarik eta desinfektatzailerik erabili.

Gainera, erredura "sakona edo zabala" baldin bada, 112 zenbakira deitu eta erietxera joan behar gara, erretakoa estali gabe utziz edo, gehienez, serumarekin bustitako gazazko zapi batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba Gizartea albisteak Albisteak San Joan suak azken ordukoa